Igandean erromesaldia egingo du Azkoitiko Parrokiak Itziarrera

Andoni Elduaien 2022ko eka. 30a, 09:00

Itziarko parroki-elizan jarraituko dute meza erromesek.

Erromesaldia oinez edo autobusez egiteko aukera eskainiko du Parrokiak. Oinez joan nahi dutenek, 07:00etan abiatu beharko dute Plazaberritik, eta autobusez joan nahi dutenek, 11:30ean.

'Bideko Andremari, emaiozu bihotza gure bideari' izenpean, Azkoitiko Andra Mari Zeruratze Parrokiak erromesaldia egingo du igandean, uztailak 3, Itziarrera (Gipuzkoa). Urtero egin ohi du Azkoitiko Parrokiak erromesaldia uztailaren lehen igandean, eta aurten ere ez dute hutsik egin nahi izan.

Oinez edo autobusez egin ahalko da erromesaldia Itziarrera. Bidea oinez egiteko, 07:00etan abiatuko dira parrokiako kideak Plazaberriko Alameda taberna zenaren paretik. Hala eta guztiz ere, Parrokiak hara joateko autobusa jarri du. 11:30ean abiatuko da autobusa Aizkibel liburutegi pareko autobus geralekutik. Meza, berriz, 12:30ean izango da Itziarko parroki-elizan.

Datorren astean, berriz, Urrategira egingo dute erromesaldia; izan ere, auzo horretako jaiak ospatuko dituzte uztailaren 10ean. 09:00etan eta 11:00etan izango dira han elizkizunak auzoko ermitan, azken hori meza nagusia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide