Eolikoei buruzko hitzaldia eskainiko du bihar Araba Bizirik taldeak

Ane Olaizola 2022ko eka. 28a, 14:50

Matadeixen 26. urteurreneko egitarauaren barruan, Mehatxu eolikoa. Lurraldeari eraginak eta alternatibak hitzaldia eskainiko du Araba Bizirik plataformak bihar. Asanblada moduan egingo dute saioa, eta beraz, hara bertaratzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Azkoitiko Matadeixen 26. urteurreneko ekintzetan murgilduta daude, baina festaz haratago, bada bestelako ekintzarik ere aurtengo egitarauaren barruan; hain zuzen ere, herrian puri-purian dagoen gaiari helduko dio Matadero Ekintzankek bihar: energia eolikoari. Mehatxu eolikoa. Lurraldeari eraginak eta alternatibak hitzaldia entzuteko aukera izango da 19:30ean, Araba Bizirik plataformaren eskutik.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egun "asko" hitz egiten da eolikoen inguruan, eta gaiaz "gehiago jakiteko asmoz" antolatu dute biharko hitzaldia. Besteak beste, energia eolikoaren egungo testuingurua zein den eta aerosorgailuek zertan eragiten duten azalduko du taldeak. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dute saioak asanblada formatua izango duela, eta beraz, hara bertaratzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dutela.

Gertutik eragiten die azkoitiarrei bihar Matadeixen landuko duten gaiak; izan ere, Capital Energy enpresak lau parke eoliko egin nahi ditu Gipuzkoan, eta horietako batek, Buruzai izenekoak, Azkoitiari eragingo dio, lau aerosorgailu jarriko baitituzte Oleta mendian; bi Azkoitiko udalerriari dagokion eremuan eta bana Zumarragan nahiz Ezkio-Itsason.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide