Gaur, ekainaren 28a, LGBTIQ+ Harrotasunaren Eguna da, eta Azkoitiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! zerbitzuak kaleratutako adierazpenarekin bat egin du, LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideen defentsan eta kolektibo horrekin bat eginez.
Udalak bihar, asteazkena, egingo du ekaineko ohiko udalbatzarra, eta udal ordezkariek han bozkatuko dute gaurko egunari lotutako mozioa. Udale talde guztiek bat egin dute mozioaren edukiarekin, eta okerrik ezean, aurrera aterako dute adierazpena. Era berean, kolektibo horren ikur den ostadarraren bandera zintzilikatu dute gaur udaletxeko balkoi nagusian.
Hona hemen osorik Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! zerbitzuak kaleratutako adierazpena:
"Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea.
53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra.
Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.
Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! Zerbitzuak LGTBI kolektiboko kideei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkienak- aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.
Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.
Berdindu! zerbitzuko kideon iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.
Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Berdindu! zerbitzuak egunero diharduela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.
Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan".