70 pilotuk parte hartuko dute IV. Goilurrak Rallyan

Andoni Elduaien 2022ko eka. 29a, 16:27

Ibon Beitia eta Ion Zubiaurre, iazko rallyan. (Andoni Elduaien)

Ostiral arratsaldean hasiko da rallya Lazkaon (Gipuzkoa), eta han amaituko da larunbatean. Erlojuaren kontrako hamar zati osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hamabost ibilgailu arituko dira Azkoitiko Errebueltie Eskudeixe taldearen izenpean.

Ostirala eta larunbata bitartean jokatuko dute IV. Goilurrak Rallya. Errebueltie Eskudeixek eta Ikullu Racing taldeek antolatu dute lasterketa, eta guztira, 116 kilometro erlojuaren aurka osatu beharko dituzte rallyan parte hartuko duten 70 gidariek. Gipuzkoako zenbait herritan jokatuko da rallya.

Ostiralean, uztailak 1, erlojuaren aurkako bi zati egin beharko dituzte parte hartzaileek. Lehen zatia egiteko, 20:05ean abiatuko da lehen ibilgailua Lazkaoko Salbatore auzotik, eta 11,9 kilometroko bidea osatu beharko dute Azpeitiko Matxinbenta auzora iristeko.

Lehen zatia egin ostean, Azkoitiko Plazaberrira zuzenduko dira ibilgailu guztiak. 21:00etan, ibilgailuen, pilotuen eta kopilotuen aurkezpena egingo dute han, eta banan bana aurkezpen gunera igo beharko dituzte ibilgailuak parte hartzaileek. Aurkezpen ekitaldiaren ondoren egingo dute erlojuaren aurkako eguneko bigarren zatia. 21:45ean, Matxinbentan abiatuko dira ibilgailuak, eta 12,4 kilometroko bidea egin beharko dute Beasaingo Garin auzora iristeko.

Zapatuan, zortzi erlojupeko

Goilurrak Rallya larunbatean, uztailak 2, ebatziko da; izan ere, erlojuaren aurkako zortzi zati egin beharko dituzte parte hartzaileek orduan. Azkoitiko lurretan jokatuko dituzte zati horiek guztietako lau. Eguneko lehen erlojupekoa Azkoitiko Olaso auzunean hasiko dute pilotuek, 09:00etan. Madariaga igaroz, Azkarateko errepide zaharra jaitsi beharko dute 10,9 kilometro egiteko. Zati hori bera bigarren aldiz egin beharko dute parte hartzaileek, 12:00etan.

Azkarateko lehen lanak eginda, Elosua aldera igaroko dira gidariak, han 14,2 kilometroko bidea egin beharko baitute. Elosuko bidegurutzetik Bergarara joango dira Gorlatik igarota. 09:25ean lotuko dituzte lehen aldiz Azkoitia eta Bergara herriak, eta 12:25ean bigarren aldiz.

Eskualdea utzi, eta Tolosaldera egingo du gero auto lasterketak; izan ere, han jokatuko dituzte rallyaren azken lau zatiak. Lau horietan lehen eta hirugarren tarteak, Albiztur eta Tolosako Urkizu auzoaren artean egingo dituzte; 9,9 kilometroko zatia egin beharko dute. 15:40ean hasita egingo dute zati horretan lehen erlojupekoa, eta 18:05ean bigarrena. Bigarren eta azken zatietan, berriz, Gaintza eta Zaldibia herrien arteko 11 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek; 16:15ean egingo dute bide hori lehen aldiz, eta 18:40ean bigarren aldiz.

Herritar ugari lehian

Auto lasterketan parte hartuko duten 70 ibilgailuetatik hamabost Azkoitiko Errebueltie Eskudeixe taldekoak izango dira. Hala eta guztiz ere, horietan guztietan parte hartuko duten pilotuak eta kopilotuak ez dira azkoitiarrak izango.

Azkoitiko lau pilotu eta bost kopilotu arituko dira asteburuko lehian. Azkoitiko edo herrian bizi diren honako bederatzi lagun hauek parte hartuko dute IV. Goilurrak Rallyan: Ibon Beitiak –pilotua– eta Ion Zubiaurrek –kopilotua– BMW M3 autoarekin parte hartuko dute; Iraitz Olariagak –pilotua– eta Josu Odriozolak –kopilotua– Honda Civic autoarekin; Egoitz Lizarralde –pilotua– eta Leire Odriozola –kopilotua– Peugeot 206 Xs autoarekin aterako dira lehiara. Aldiz, Mikel Madinabeitia pilotua Honda Civic autoarekin aterako da errepidera. Horiez gain, Joseba Aldaya azkoitiarrak eta Oihane Uranga Azkoitiko bizilagunak kopilotu lanak egingo dituzte. Lehenak Jose Angel Busto pilotuari lagunduko dio BMW E36 autoan, eta bigarrenak Arkaitz Uranga pilotuari lagunduko dio Peugeot 208 R2 autoan.

Trafikoan eragina

Rallyak eragina izango da trafikoan; izan ere, guztiz itxiko dituzte lasterketa igarotzen den errepideko zenbait puntu. Ostiralean, Matxinbentatik Beasainera arteko errepidea itxita egongo da 19:00etatik gauerdira bitartean. Larunbatean, Olaso, Madariaga eta Azkarate arteko errepidea 08:00etatik 14:00etara artean egongo da itxita, eta Elosutik Bergara artekoa 08:25etik 14:45era bitartean. Antolakuntzak telefono zenbaki bat jarri du, inguru horietako biztanleei egunean zehar informazio zuzena emateko. Auzotarrek etxera noiz sartu edo noiz atera jakiteko, ondorengo telefono zenbakira deitu beharko dute: 688 64 28 94.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide