II. Hika bertso saioa ostegunean, "punta-puntako" lau bertsolariren eskutik

Ane Olaizola 2022ko eka. 27a, 12:29

I. Hika bertso saioa, iaz.

Andoni Egañak, Miren Amurizak, Sebastian Lizasok eta Oihana Iguaranek eskainiko dituzte bertsoak, hitanoa erabiliz. Era berean, I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren sariak banatuko dituzte saioan, eta saridunek beraien bertsoak kantatuko dituzte.

II. Hika bertso saioa eskainiko dute ostegunean, hilaren 30ean, Elkarguneko Herriko plaza aretoan, eta "punta-puntako" lau bertsolari igoko dira hango oholtza gainera: Andoni Egaña, Miren Amuriza, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Hala jakinarazi dute egitasmoaren antolatzaile diren Azkoitiko Udalak, Hike eizan! taldeak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Lau bertsolariek hitanoa erabiliz eskainiko dituzte bertsoak, Imanol Artola Felixek jarriko gaiei tiraka. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da. Joan zen urtean antolatu zuten estreinakoz Hika bertso saioa, eta emanaldi hark izan zuen erantzuna ikusita antolatu dute bigarrenez egitasmoa.

Era berean, I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren sariak banatuko dituzte osteguneko saioan. Hilaren hasieran eman zuen udalak lehiaketaren saridunen berri: helduen mailan, berriz, Eli Pagola bertsolari hernaniarrak jasoko du lehen saria, Tximista eta trumoia izeneko lanagatik. Bigarren saria Aimar Goenaga eibartarrak eskuratu du, Amonak bilobari lanagatik. Helduen mailako Azkoitia saria, bestalde, Lide Rekondo azkoitiarrarentzat izango da, Amonak bere bizitzaren errepasoa egiten dio bilobari izeneko bertso sortagatik. Gazteen artean, berriz, Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrak irabazi du lehen saria, Eten punturik ez lanagatik. Oier Juaristi azkoitiarra izan da bigarrena; Denbora azkarregi, goizetik gaueraino izeneko bertsoak aurkeztu ditu hark lehiaketara. Azkoitia saria, bestalde, Noa Break, Intza Arrietak eta Maddi Arrietak osatutako hirukoteak irabazi du; hiru lagun horiek Jakara bidaia izeneko lana aurkeztu dute. Bertsolari horiek guztiek saritutako bertsoak kantatuko dituzte saioan, sariak jaso ondoren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide