Ezpalak eta Willis Drummond taldeak herriko plazan arituko dira uztailaren 16an

Andoni Elduaien 2022ko eka. 27a, 09:41

Ezpalak musika taldea osatzen duen laukotea. (Ezpalak)

22:30ean hasita arituko dira bi musika taldeak Azkoitiko plaza nagusian. Rock estiloko kontzertuak eskainiko dituzte Zestoako (Gipuzkoa) eta Baionako musika taldeek.

Uztailaren 16a kontzertu eguna izango da Azkoitian. Ezpalak eta Willis Drummond musika taldeak herriko plazako agertoki gainean arituko dira, 22:30etik aurrera. Azkoitiko Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu du kontzertua, udalaren laguntzarekin.

Ezpalak rock alternatiboa sortzen duen Zestoako (Gipuzkoa) musika taldea da. Iaz, Kolpatuz Topatu izeneko bigarren diskoa aurkeztu zuen musika taldeak. Juanjo Berasainek (ahotsa), Eñaut Gaztañagak (gitarra), Unai Eizagirrek (baxua) eta Janardana Iglesiarek (bateria) osatzen dute musika taldea. Azken diskoko zortzi abestiek 90. hamarkadako influentziak partekatzen dituzte. Halere, erritmo rockeroak eta dantzagarriak bildu dituzte azken lanean, Idles edo Fontaines DC. bezalako proposamen berritzaileen harira.

Bestalde, Willis Drummond rock taldea Baionan sortu zen 2006. urtean. 2009an kaleratu zuen lehen diskoa taldearen izen berarekin. Harrezkero, zuzeneko bi lan eta estudioko beste sei kaleratu ditu musika taldeak, azkena Zugzwang izenekoa. 2020ko geldialdia formatuz aldatzeko baliatu zuen taldeak; izan ere, Vincent Bestaven Botibol gehitu zen orduan taldera. Haren ahotsarekin, gitarrarekin eta teklatuekin abestiak beste ikuspuntu batekin ari da lantzen Willis Drummond.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide