Imanol Arizmendik Salamancako Diputazioaren 2022ko Sari Nagusia irabazi du

Andoni Elduaien 2022ko eka. 26a, 09:00

Imanol Arizmendi, maillot horiarekin, podiumean. (AC By Marriot)

Atzo, larunbata, bi etapa jokatu behar izan zituzten txirrindulariek. Goizeko etapa esprintean irabazi zuen txirrindulari azkoitiarrak, eta arratsaldeko erlojupekoan ere hura izan zen azkarrena.

Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak irabazi du Salamancako Diputazioaren 2022ko Sari Nagusia. Master 30 eta 60 mailetako lasterketa jokatu zuten atzo, larunbata, Salamancan (Espainia). Goizean zein arratsaldean igo behar izan zuten txirrindulariek bizikleta gainera. Goizean, 82 kilometroko etapa osatu zuten Castellanos de Moriscos eta Salamanca artean, eta arratsaldean, ia 8 kilometroko erlojupekoa egin behar izan zuten. 

Goizeko lasterketa, esprintean erabaki zen. AC By Marriot taldeko Imanol Arizmendik ozta-ozta irabazi zion Iñaki Goibururi. Arratsaldeko proban ere Arizmendi izan zen azkarrena. Carbajosa de la Sagradan jokatu zuten erlojupekoa, eta txirrindulari azkoitiarrak bakarrik lortu zuen zazpi kilometro pasatxoko ibilbidea 10 minutu baino lehen osatzea. Sailkapen orokorrean, Goiburu bigarren sailkatuari bederatzi ehuneneko aldea atea zion Arizmendik.

Hona hemen sailkapena:

  1. Imanol Arizmendi 2:05:26
  2. Iñaki Goiburu 2:05:35
  3. Enrique Martin 2:05:58

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide