Giro alaia sortu da gaur, larunbata, Azkoitiko Udal Musika Bandak eskaini duen kontzertuan. Doinu alaiak eskaini dituzte musika bandako musikariek, eta herriko bost lagunen ahotsek horiek ederki jantzi dituzte. Hain zuzen, Maite Alberdi, Jone Larrañaga, Aitor Leon, Andrea Pozo eta Nora Unanue abeslariak izan ditu bidelagun musika bandak.
Urteko sasoi honetan, musika bandak Plazaberrin eskaini ohi du urtero kontzertua, eta aurten ere hala ziren egitekoak hasiera batean. Eguraldiagatik, baina, Kontzejupen eskaini dute kontzertua. Lekualdaketak lekualdaketa, kontzertu arrakastatsua eskaini dute musikariek eta abeslariek, beste behin frontoiaren itzuli guztia jende bete baitute. Doinu ezagun asko eta dantzagarriak interpretatu dituzte.
Emanaldian dozenatik gora abesti jo dituzte musika bandako lagunek: Toxic, You are the reason, Somebody that I used to know, Amaral, Sway, Vivir mi vida, No puedo vivir sin ti, Havana, Let's get loud, Shallow, Beso a beso, When love takes over, Mix reggaeton, Ay mama eta Pepas. Herritarrek txalo zaparrada luze batekin eskertu diete musikariei eta abeslariei egindako lana.