Suaren bueltan dantza eginez agurtu dute urteko egunik luzeena azkoitiarrek, eta modu berean eman diote ongietorria urteko gaurik motzenari. Sua piztu baino ordu-erdi lehenago bota duen euri erauntsiagatik San Joan bezpera ospatuko ote zen zalantzak sortu badira ere, gaurkoan suak ura itzaltzea lortu du.
San Joan bezperako festari ekiteko, Azkoitiko Udal Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta Parrokiko Abesbatzak Azkoitia abestia eskaini dute, herriko ereskerkia. Musika doinuekin batera atera dira plazaren erdira Azkoitri triatloi klubeko eta Maxixatzen euskara elkarteko kideak sua piztera. Javier Zubizarreta alkatea eta Sonia Vazquez Kultura zinegotzia izan dituzte bidelagun, eta herritarrek txalo artean hartu dituzte bi herri eragileetako ordezkariak. Euriaren eraginez sua piztuko ote zen zurrumurrua bazen jendartean, baina berehala uxatu dira zalantza guztiak. Suak euria itzaltzeaz gain, Balda plaza guztia berotu baitu aurtengoan.
Sua apurt bat baretu denean hasi da dantza ikuskizuna Balda plazan. San Joan zortzikoa jo dute hasteko trikitilariek, eta orduan atera dira plazaren erdira Sahatsa dantza taldekoak, gaurkoan eguraldiak eraginda beren ohiko jantzirik gabe. Haren atzetik, ohiturari jarraituz, Agurra eta fandango bat dantzatu dituzte.
San Joan bezpera agurtzeko, Bizkargi musika eta dantza eskolak antolatuta, Zatoz dantzara, Balda Plazara erromeria izan da, Aitor Sorazuren gidaritzapean. Gaztetxo eta heldu ugari elkartu dira Balda plazako suaren bueltan, eta eguna dantzan agurtu dute.