XL. Azkoitia Hiria xake txapelketa egingo dute etzi Kontzejupean

Anartz Izagirre 2022ko eka. 24a, 08:50

Joan den ekainaren 12an egin zen Azkoitia GXF Sustapena xake txapelketaren irudi bat. (Onintza Lete Arrieta)

Joxe Azkueren omenezko XI. edizioa izango da aurtengoa. Anaitasuna Kakute taldeak lehen aldiz emakumeez soilik osaturiko taldea osatu du txapelketarako.

Etzi, igandea, xakearen topagune bilakatuko da berriro ere Azkoitia. Duela bi aste Azkoitia GXF Sustapena xake txapelketa izan zen Elkargunean, eta oraingo honetan, XL. Azkoitia Hiria txapelketa izango da, Kontzejupean. Joxe Azkueren omenezko XI. edizioa izango da aurtengoa. Anaitasuna Kakute xake taldeko presidente Txelu Fernandez "oso gustura" agertu da Azkoitia GXF Txapelketak izan zuen harrerarekin, eta azken unean txapelketa Gurea pilotalekutik Elkargunera aldatu behar izan bazuten ere, azkenean "dena oso ondo" atera zela nabarmendu du azkoitiarrak.

Igandeko txapelketarako "guztia prest" dutela jakinarazi du Fernandezek, eta azaldu du guztira hamasei taldek parte hartuko dutela Azkoitia Hiria probaren 40. edizio honetan. 10:00etan hasiko da lehia, eta lau pertsonaz osaturiko taldeetan bost minutuko partida azkarrak jokatuko ditu xakelari bakoitzak. Anaitasuna Kakutetik, guztira, hiru taldek parte hartuko dute: Anaitasuna A, Anaitasuna B eta AnaiNeskak. Gainontzeko taldeak honakoak izango dira: Gipuzkoatik Azpeitia, Beasain, Eibar, Elgoibar, Gros, Hondarribia eta Villabona; Bizkaitik Barakaldo, Elorrio, Santurtzi eta Zornotza; Arabatik Martintxo taldea eta Kantabriatik (Espainia) Liendo.

Emakumeen taldea

Fernandezek "historikotzat" jo du aurtengo edizioa, izan ere Anaitasuna Kakute xake taldearen historian lehen aldiz emakumeez soilik osatutako talde batek parte hartuko du Azkoitia Hiria txapelketan. "Niretzako oso lorpen berezia da. Klub askok arazoak izan ohi dituzte neskak inguratzeko, eta guk zortea izan dugu". Guztira, bost neskak osatuko dute AnaiNeskak deituriko xake taldea igandeko probarako.

Anaitasuna Kakute klubeko kide zen Joxe Azkue —bere omenez antolatzen da proba— antolakuntzaz "oso harro" egongo litzatekeela nabarmendu du xake taldeko presidenteak: "Asko gustatuko litzaioke Joxeri neskek soilik osaturiko talde bat ikustea. Azken urteetan lorpen handiak egin ditugu Anaitasuna Kakuten, eta dena, egin dugun lan guztiaren emaitza da. Oso gustura nago klubeko kideekin".

Txapelketa baino gehiago

XL. Azkoitia Hiria ez da Kontzejupeko xake partidetara soilik mugatuko. Izan ere, Anaitasuna Kakute klubeko kide guztiek bazkaria egingo dute txapelketaren ostean. Fernandezek dio Azkoitia Hiria "oso ekitaldi berezia" izan ohi dela klubaren parte diren guztientzat: "Bazkarian denok elkartzen gara, eta ideia berriak sortzen zaizkigu denon artean. Urtean zehar sarritan ez dugu astirik izaten elkarrekin egoteko, eta txapelketa honen harira egiten dugun bazkaria horretarako aukera aproposa da".

Anaitasuna Kakutek azkenaldian antolatu behar izan dituen bi txapelketak direla eta, "leher eginda" dagoela azaldu du klubeko presidenteak. "Baina gero ikusten duzu dena ondo ateratzen dela eta pasatu egiten zaizu", gaineratu du. Pandemiak txapelketetan eragin duela dioen arren, Azkoitian xakeak etorkizuna baduela dio Fernandezek, eta horren erakusle da klubaren urteroko jarduna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide