Juan Bautista Mendizabalek Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen presidente izateari utziko dio

Andoni Elduaien 2022ko eka. 23a, 17:40

Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak egindako zeremonia batean. (Maxixatzen)

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kargu aldaketa ekitaldia 10:30ean hasiko da Intsausti jauregian. 12:00etan, berriz, biolontxelo eta pianoforte kontzertua izango da leku berean. Emanaldia irekia da, baina plazak mugatuak direnez, horiek bete arte egongo dira zabalik Intsaustiko ateak.

Juan Bautista Mendizabalek etzi, larunbata, utziko du Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen presidente kargua. Amelia Baldeon arabarrak beteko du azkoitiarrak utzitako hutsunea. Hiru urteko legezko epea amaitu ondoren lagako du azkoitiarrak presidentetza, eta aurrerantzean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko instituzio arteko harremanen arduraduna izango da. Kargu aldaketa ekitaldia 10:30ean hasiko da, Intsausti jauregian.

Mendizabalek sei urte eman zituen Gipuzkoako presidente bezala, baina azken hiru urteetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril eta Mexiko ordezkatu ditu azkoitiarrak elkartean. Elkartea pandemia garaian zuzentzea egokitu zaio azkoitiarrari, eta bereziki, digitalizazioan eta teknologiaren aurrerapenean sakondu dute. Hark nabarmendu du, gainera, "dirulaguntza handiak" jaso dituela elkarteak erakunde desberdinetatik, eta elkartea "oso egoera onean" utziko duela.

Eguerdian, kontzertua

Kargu aldaketa ekitaldia amaitutakoan, Iagoba Fanlo biolontxelo jotzaileak eta Yago Mahugo pianoforte jotzaileak kontzertua eskainiko dute Intsausti jauregian. 12:00etan hasiko da bikotearen emanaldia, eta Beethovenek ilustratuekin Azkoitira egindako bidaia izenburupean arituko dira.

Fanlok eta Mahugok Francisco Brunetti konposatzailearen eta biolontxelo jotzailearen Divertissement sobre un tema de G. Rossini joko dute, eta ondoren, Beethovenen Sonata en Re Mayor op. 102/2. Hori guztia baino lehen, Fanlok Johann Sebastian Bachen Suite en Sol mayor para violonchelo solo BWV 1007 joko du, eta Mahugok Manuel de Gamarra organistaren, sortzailearne eta konposatzailearen Sonata en La menor y la Sonata en Do mayor para fortepiano solo.

Fanlok Joan Guillami luthier kataluniarrak 1746an sortutako biolontxeloa erabaliko du kontzertuan, eta Mahugok Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Intsausti jauregian duen 1788ko Broadwood & Son pianofortea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide