Azkoitiko Sare Herritarrak irailera arte ez du hileko azken ostiraleko elkarretaratzerik egingo. Presoen eskubideak aldarrikatzeko ekaineko kontzentrazioa etzi, ostirala, 19:30ean ziren egitekoak, baina ordu berean Azkoitiko Udalak herriko bandera ofizialaren igoera ekitaldia egin behar duenez, elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki du Sare Herritarrak.
"Buruari bueltak eman ondoren eta lekuz aldatzea pentsatu arren, erabaki dugu hilabete honetan ez dugula azken ostiraleko elkarretaratzerik egingo. Beti herriko plazan egin izan ditugu elkarretaratzeak; herriko plaza da aldarrikapenerako gure gunea, eta hori horrela, ekaineko kontzentrazioa ez egitea erabaki dugu", adierazi du Sare Herritarrak.
Uda sasoian Sare Herritarrak etena egin ohi du, eta horrela izango da aurtengoan ere. Uztailean eta abuztuan ez dute hileko azken ostiraleko elkarretaratzerik egingo. Beraz, iraileko azken ostiralean, irailaren 30ean, egingo dute presoen eskubideak aldarrikatzeko hurrengo elkarretaratzea.