Pentatloi erakustaldiarekin eta erromeriarekin gozatu dute Elosuan Jubilatuen Egunean

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 20a, 09:27

Zaldua nagusitu zitzaion Izeta VI.ari herri kirol deman. Gaur, Otaba Txiki egunarekin, bukatuko dira auzoko festak; eguerditik iluntzera bitartean hainbat ekintza izango dituzte, auzo bazkaria eta afaria tartean.

Otaba jaiak ospatzen jarraitzen dute Elosuan. Zapatuan hasi ziren festak, eta atzoko Jubilatuen Egunean aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat izan zen ikusmin gehien sortu zuen hitzordua.

Euskal pentatloia bogan dagoen honetan, herri kirol modalitate horren berpizkundetik nagusi izaten ari diren bi kirolariak aurrez aurre izan ziren atzo Elosuan: Xabier Zaldua eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Joan den asteburuan, binakako pentatloi txapelketa irabazi zuen Izetak Gorka Etxeberriarekin Tolosan, eta Zaldua bigarren sailkatu zen, Jagoba Otaegirekin. Atzo, buruz burukoan neurtu zituzten indarrak Elosuan, eta beteranoena, Zaldua, izan zen nagusi.

Jubilatuen Eguneko arratsaldea borobiltzeko, erromeria izan zuten Elosuan, eta dantzarako aukerari ez zioten muzin egin bertaratutakoek.

Gaur, azken eguna

Gaur bukatuko dira aurtengo festak Elosuan, Otaba Txiki egunarekin. Egitarau oparoa prestatu dute agurrerako; eguerditik iluntzera bitartean hainbat ekintza izango dituzte, auzo bazkaria eta afaria tartean.

Hau da Otaba Txiki egunaren egitarau osoa:

  • 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza.
  • 13:00etan, piskolabitx.
  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • 17:30ean, ume zahar eta gazteentzat jolasak.
  • 19:00etan, trikipoteoa.
  • 21:00etan, auzo afaria. Izena emateko, 688 92 00 86 telefonora deitu beharko da.
  • 00:00etan, bandera jaitsiera eta jaien amaiera.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide