Atzo, osteguna, buru osasunaren inguruko hitzaldia eskaini zuten Azkoitiko Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Kultura kapitalistaren eragina gazteon buru osasunean izenburupean aritu ziren hizketan, eta lagun ugari elkartu zen aretoan.
GKSko kideek nabarmendu zuten, gazteen artean buruko gaixotasunen kasuak "areagotzen" ari direla azken urteetan, hala nola depresioa eta antsietatea. "Instituzioek eta komunikabideek arazo hori ikusaraztearen beharraz hitz egiten duten arren, fenomenoa erreproduzitzen duten kausa sozialak ezkutatzen dituzte, besteak beste, gure arteko lehiakortasuna, indibidualismoa eta etorkizunarekiko segurtasun eza".
Solasaldian adierazi zuten kausa horiek "sistema kapitalistaren funtzionamenduari ohikoak zaizkion ezaugarria" direla. "Norbanakoaren gainean jarri ohi da ardura guztia". Zergati horiek seinalatu zituzten atzo, eta "gizakia erdigunean jarriko duen gizartea eraikitzearen beharra" azpimarratu zuten.