Oletan ere Ez taldeak aerosorgailuen aurkako sinadura bilketa hasiko du

Andoni Elduaien 2022ko eka. 16a, 12:09

Zazpi Kurutze mendi ibilaldian jarritako pankarta. (Anaitasuna MB)

Atzo, asteazkena, bigarren bilera egin zuten Oletan aerosorgailuak jartzearen aurka dauden herritarrek, eta taldeari izena ematez gain, ostiralero sinadurak biltzen hasiko direla erabaki zuten.

Oleta mendian aerosorgailuak jartzearen aurka dauden herritarrek eta taldeek bigarren bilera egin zuten atzo, asteazkena, Elkargunean. Aurreko astean egindako bileran baino lagun gehiago elkartu ziren atzoko bileran, eta horiek guztiek talde bat sortu eta zenbait ekimen aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten.

Hain zuzen, 30 lagun inguruk egin zuten atzo bilera, eta taldeari Oletan ere Ez izena jartzea erabaki zuten. Talde horretako kideak, Oletan aerosorgailuak jartzeko proiektuaren aurkako sinadurak biltzen hasi ziren joan den igande goizaldean, Zazpi Kurutze mendi ibilaldiaren irteeran. Aurrerantzean, ostiralero eliz atarian jarriko dute mahaia taldekideek, 18:30etik 20:30era bitartean. Herritarrek beren izena emanda, taldeari atxikimendua adierazteko aukera izango dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide