I. Gipuzkoako Futbol Sariak banatu zituen Gipuzkoako Futbol Federazioak joan den ostiralean, eta sarien aurreneko edizioan emakumeen futbolari eman nahi izan dio garrantzia erakundeak. Hain zuzen ere, emakumezkoen futbolaren hastapenetan ibili ziren kirolariak omendu zituen federazioak sari banaketa ekitaldian. Izan ere, haren ustez, emakumezkoen gaur egungo futbola haiek egindako "lanari esker" da. Guztira, nesken futbolaren alde egin zuten sei pertsonak jaso zuten oroigarria, hastapenean ibilitako "guztien izenean"; tartean, Sorkunde Garate futbol jokalari ohi azkoitiarrak jaso zuen federazioaren aitortza.
Emakumeen futbola 1980ko hamarkadan loratu zen Euskal Herrian, eta erdilari azkoitiarra 1985-86 denboraldian hasi zen lehiatzen Iraurgi Kirolak taldean, eta ondoren, Anaitasuna futbol klubean zein Oiartzunen osatu zuen ibilbidea, besteak beste. Hemen irakur daiteke Maxixatzen aldizkariak herriko emakumezkoen futbolean bidea urratu zuten jokalariekin— tartean, Garate— 2020an kaleratu zuen erreportajea.