Gaur hasiko dira Matadeixeren 26. urteurrena ospatzeko ekintzak

Andoni Elduaien 2022ko eka. 15a, 09:00

Duela urte batzuk egindako serigrafia tailerraren irudia. (Ainhoa Beristain)

Gaur, 17:30ean, Porrotx eta Ekain pailazoen emanaldia izango da Matadeixen. Ikuskizunerako sarrera guztiak agortuta daude, ordea. Ekaineko eta uztaileko hainbat egunetarako antolatu ditu ekintzak Matadero Ekintzak taldeak.

Gaur hasi eta uztailaren 30era bitartean, Matadeixek bere 26. urteurrena ospatuko du. Matadero Ekintzak taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainerako eta uztailerako. Hain zuzen, gaur, asteazkena, hasiko dira urteurrena ospatzen Matadeixen, Porrotx eta Ekain pailazoen emanaldiarekin. Porrotx pailazoarekin dantzatzeko eta abesteko aukera izango dute txikienek, eta Ekain pailazoarekin malabarismo saioa zuzenean jarraitzeko parada. Halere, ikuskizunerako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Datorren ostiralean, ekainak 17, ezkurra sukaldatzen ikasteko solasaldia eta dastaketa egingo dute Asier Bastarrikarekin; 19:00etan ekingo diote saioari. Hilaren 24an, bestalde, Leun Dura eta Marlon Random taldeen kontzertuak izango dira Matadeixen, 22:30ean hasita. Ekainaren 29rako, berriz, Mehatxu eolikoa. Lurraldeari eraginak eta alternatibak izeneko hitzaldia antolatu dute. Valen Arteaga Araba Bizirik plataformako kideak eskainiko du hitzaldia, 19:30etik aurrera.

Uztailean ere izango da zer ospatua Matadeixen. Uztailaren 2rako prestatu dute egitarau zabalena. Egun osoko egitaraua ondu dute ordurako. 12:30ean, jai giroan murgiltzeko poteoa egingo dute, eta ondoren, 14:30ean, bazkaria. 17:30erako, berriz, serigrafia saioa antolatu dute. Gauean jarraituko du festak Matadeixen; izan ere, 22:30etik aurrera Telmo Trenor eta Enki Tonker taldeek girotuko dute gunea. Uztailaren 30ean amaituko dituzte Matadeixeren 26. urteurreneko ospakizun ekitaldiak. 22:30etik aurrera, Borrokan eta Velutine taldeen kontzertuak jarraitu ahal izango dituzte musikazaleek.

Hona hemen Alots Arregik 26. urteurrenerako egin duen kartela:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide