Klik!

Errepidean, argi eta adi

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 13a, 08:48

Julio Urkixo etorbideko bidegurutzea. (Argazkiak: Anartz Izagirre)

Herriguneko hainbat zati adi ibili beharrekoak dira mota guztietako ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Puntuotatik egunero pasatzen denak ondo ezagutuko ditu arriskuak, baina ohitura txarrak ere izan ohi dira halako lekuetan. Herritarrak tentuz ibili beharreko hainbat gune identifikatu ditu Maxixatzenek.

Keinukarien garrantzia

Julio Urkixo hiribidetik igaro besterik ez dago ibilgailu asko pasatzen diren lekua dela ohartzeko, eta kontuz ibili behar izaten da. Hasteko, herrigunerako norabidean, Lidl supermerkatu zaharrera heldu baino lehen, Ugarte ibilbidea eta Intsausti kalea daude eskuinetara, eta Juin kalea, ezkerretara. Aurrerago, berriz, Trenbidearen Zumardia, Izpiritu Deuna eta Xabier Munibe kaleak. Norabide bikoitzeko lekuak direnez, ezinbestekoa da ibilgailuen lehentasunak argi izatea, baita keinukariak egoki erabiltzea ere.

Bide eta jende asko

Aizkibel kalean gora eta behera ibiltzea, batzuetan, ez da samurra. Floreaga Ikastetxea eta Xabier Munibe Ikastola han daude, eta ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorria etengabekoa izaten da zenbait unetan. Goranzko bidean eskuinetara, gainera, Floreagazar jauregiaren aurreko aparkalekua dago, eta espaloia gurutzatu behar da hara sartzeko. Inguruko bizilagunek ere bide horretan dute garajeetarako sarbidea, eta inguru oso aldapatsua ere bada. Autoeskolako klaseetan, nor ez da kikildu aldapa horretan?

Zubi deserosoa batzuetan

Txalonerreka eta Martirietako bidea lotzen dituen zubian beharrezkoa da ibilgailuen asmoak zeintzuk diren jakitea. Jausorotik datorrenak hiru aukera ditu: aurrera jarraitu Malkorbide aldeko aparkalekura, Martirietako bidea hartu edo Txalonerrekara joan. Martirietatik datorrenak ere, Txalonerrekara, Malkorbidera eta Jausorora har dezake. Halako leku txikian ibilgailuek hainbeste aukera izanda, hobe eskuak bolantean eta oinak balaztan edukitzea, oinezkoentzako zebra bidea ere bai baitago zubiaren alde batetik bestera.

Estua eta baxua

Auto zabalak eta altuak dituztenentzat oztopo bilaka daiteke Santa Klara komentuaren sarreraren ezkerraldean gelditzen den errepide zatia. "Norabide guztiak" dioen seinalea dago bidearen ezkerraldean; beraz, Santa Klarako errepidean behera doanak ez du eskuinera hartu beste irtenbiderik herrira sartu nahi badu. Komentuaren eta etxebizitza blokearen arteko errepidea, estua izateaz gain, altuera baxukoa ere bada, eta galiboa jarri behar izan zuten, ibilgailuek etxebizitza eraikinaren zati bat jo ez zezaten. Horrez gain, zebra bidea ere badago espaloiaren eta komentuaren artean. Bide horretatik doanak, beraz, adi eta mantso ibili beharko luke ezbeharrak saihesteko.

Ikusgarritasun gutxiko lekua

Santa Klarako komentura iritsi baino metro batzuk lehenago ere korapilatsua gerta daiteke errepide zatia. Alde batetik, Trino Uria kaletik gora doazen ibilgailuak eta Auzmendi Bidetik gora doazenak elkartzen dira, eta Auzmendi Bidetik doazenentzat ikusgarritasuna ez da oso egokia. Kale horretatik Trino Uria kalera goitik behera doazenek ere tentuz ibili behar izaten dute Santa Klara kaletik gora doazen ibilgailuekin.

Osasun zentroaren atzeko bidea

Jausoron ibilgailuen joan-etorria handia izaten da sarritan: alde batetik, herritar asko bizi direlako han, eta, bestetik, anbulatorioa ere bertan dagoelako. Hain zuzen ere, anbulatorioaren atzean jende askok aparkatzen du autoa, esaterako, osasun zentroko langileek, pazienteek zein bizilagunek. Horrez gain, garajerako sarrera ere hantxe dago. Maniobrak egiten abila izatea hobe.

Abiadura kontrolatu behar

Kale Nagusia, Martin Deunaren kalea eta Altzibar etorbidea batzen diren gunean tentuz ibili behar da. Kale Nagusitik datorrenak gelditu beharra du, Martin Deunaren kalera eta Altzibar etorbidera joan behar duten ibilgailuek baitute lehentasuna. Martin Deunaren kalea estua izateaz gain, zebrabide bat ere badago bi espaloien artean. Eta Martin Deunaren kalean autobus geralekua dagoenez, autoak ez ezik autobusak ere etengabe igarotzen dira Altzibar etorbidetik barrena. Abiadura eta kontrola zaindu behar dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide