Gutuna

Egoitzako langileei eskerrak emanez

Inmaculada Lizarralde 'Kanpaxa'-ren familia 2022ko eka. 14a, 09:44

Azkoitiko San Jose egoitza.

Inmaculada Lizarralde Kanpaxaren familiak gutuna bidali du Maxixatzenera, San Jose egoitzako langileek egin duten lana "goraipatzeko" eta egoitzako arduradunen "hitzak eta ekintzak faltan sumatu" izan dituztela adierazteko. Honako gutun hau bidali dute Maxixatzenera:

"Inmaculada Lizarralde Kanpaxaren familiak eskerrik beroenak eman nahi dizkie San Jose egoitzako langileei, gure amarekin izan duten jarreragatik. Gure ama egoitzan egon den bitartean, hura ondo zaintzeko beraien esku zegoen guztia egin dutela ikusi dugu, eta horrek beraiekiko konfiantza sortu digu eta lasaitasuna eman. Goraipatzekoa da beraien lana.

Ezin esan, ordea, gauza bera egoitzaren kudeaketaz arduratzen direnengatik. Egunak pasatu dira gure ama hil zenetik, eta oraindik ez dugu jaso beraiengandik ez doluminik eta ez agurrik. Behin eta berriz entzun ohi izan diegu egoiliarrak etxekoak izango balira bezala sentitzen dituztela, familia bat direla, baina sentipen hori guk ez dugu jaso, inolaz ere. Kasu honetan hitzak eta ekintzak faltan sumatu ditugu.

Bide batez, egoiliarraren senide bezala gure eskertza eman nahi diegu udaleko Azkoitia Bai eta EH Bilduko ordezkariei, egoitzako egoera hobetzeko egiten ari diren lanagatik".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide