270 lagun inguru abiatu dira 04:00etan plazatik Zazpi Kurutze ibilaldi neurtua egiteko, eta aurrenekoak 10:30ean iritsi dira toki berera. Hiru azkoitiar izan direla jakinarazi dute antolatzaileek. 13:00etan, artean 50 lagun inguruk bakarrik zuten bukatuta 55 kilometroko ibilbidea. Ordu horretan, azkena Zumarraga parean zihoala ere azaldu dute.
Azkoitiko plazatik Erlo mendira (1.027 metro) abiatu dira mendizaleak, eta handik Aittolara (645 metro). Handik Zargoatera (540 metro) joan dira parte hartzaileak, eta segidan, Hirukurutzerara (895 metro). Eguneko bosgarren mendia Irimo (898 metro) izan da, eta Izazpi (950 metro) hurrengoa. Igotzen azken mendia Oleta (756 metro) izan da.
Goizean sekulako ekaitza bota du, baina "iragarpena ona zen", eta jarraitzea erabaki dute Anaitasuna Mendi Bazkunako arduradunek. Azken orduetan, gainera, giro ederrarekin ibili dira; bero ere egin die. Hori bai, Erlora bidean jende dezente despistatuta ibili omen da lanbro eta behe-laino artean. "Tximista eta trumoi artean ibili arren, iristen ari direnak gustura ibili direla dirudi", azpimarratu dute.
Edalontzi berrerabilgarriak eta eolikoen aurkako aldarria
"Aurtengo berrikuntza edalontzi berrerabilgarrien banaketa izan da", azaldu dute antolatzaileek. Probaren hasieran partaide bakoitzari bana eman diete "plastikoaren erabilera mugatzeko" helburuarekin. Tolesgarria eta motxilan katigatzeko zintzilikarioarekin egin dituzte edalontziak, mendi bazkunaren logo eta izenarekin.
Aurtengoan aldarriek ere izan dute tokia ibilaldi neurtuan, "Izazpin eta Oletan jarri nahi dituzten eolikoen kontrako pankartak jarri baititugu ibilbidean. Asmoa beteko balitz, hemendik bi urteko ibilaldiko ibilbidearen erdian eolikoak edukiko genituzke, eta zazpi erroten ibilbidea izango litzateke zazpi kurutzeena beharrean", salatu dute.
2024an edizio berezia
2018an egin zuten azken ibilaldi neurtua, eta bi urtetik behin egiten denez eta 2020an pandemiagatik bertan behera gelditu zenez, antolatzaileek erabaki zuten bi urteko epea errespetatu eta aurten egitea 24. edizioa. "Ziurrenez, jendea gogotsu zegoen berriz ere hau egiteko", uste dute.
Zuzendaritzak berritu ere dituzte orain gutxi bai Anaitasuna Mendi Bazkunan, bai ibilaldi neurtuaren antolakuntzan. Lau lagunek osatu dute junta berria: Leire Garatek, Alaitz Oruesagasti, Ander Puertas eta Igotz Epelde. Garatek azpimarratu du "boluntario askoren laguntzarekin" antolatu dutela ibilaldia, eta eskertu egin du haien lana.
Hemendik bi urteko ediziora begira ere jarri da Garate, 25. urteurrena beteko baitu 2024an Zazpi Kurutzek. "Zerbait berezia egin beharko dugu orduan", aurreratu du.