"Finalean izerdi asko atera beharko dugu"

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 11a, 19:19

Azkoitiarrek Donostia edo Hernani izango dute aurkari Gipuzkoako Herriarteko gomazko paletako finalean, eta faborito diren arren, zuhurtziaz hitz egin du Iker Epelde pilotari azkoitiarrak gaur Gurea pilotalekuan Astigarraga kanporatu ondoren.

Aurreko astean bezala, gaur goizean ere Astigarragaren aurka 2-1 irabazi du Azkoitiak Gipuzkoako Herriartekoko gomazko paletan, oraingoan etxean. Hala, datorren asteburuan finala jokatuko du Hernani-Donostia kanporaketako irabazlearen aurka –bihar dute partida horiek–.

Gaurko partiden amaieran "gustura" zen Iker Epelde pilotari azkoitiarra finalerako txartela eskuratu dutelako. "Joanekoan bideratuta utzi genuen, baina gaur ere gutxienez emaitza bera behar genuen, eta gustura gaude aurreneko eta hirugarren partidak irabazita".

Astigarraga aurkari gogorra izan dela azaldu du Epeldek. "Joanekoan 20-16 irabazi nuen, nahikoa justu, eta nahiz eta orokorrean 4-2 irabazi dugun, partida gogorrak jokatu dituzte Astigarragakoek".

Azken bi txapelketak irabazita faboritoak azkoitiarrak diren arren, Epeldek zuhur hitz egin du datorren asteko finalaz. "Iaz justu-justu irabazi nien nire partida donostiarrei, 20-18 eginda, eta bigarren partida galdu egin genuen. Hortaz, zaila izango da eta izerdi asko atera beharko da", esan du.

Oraindik jakiteko dago finala non eta zer ordutan izango den, baina Epeldek uste du finalean ez zaiela faltako herritarren berotasunik. "Finaletara beti etorri zaizkigu lagunak, familiakoak eta herritarrak", azpimarratu du.

Azkenik, gaur partidarik jokatu ez arren, Azkoitiko taldea osatzen duten beste kirolariak ere aipatu nahi izan ditu Epeldek: Oier Epelde, Amaia Aizpuru, Marcos Azpiroz, Aratz Zabaleta eta Igor Larrañaga.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide