Gomazko paletako Azkoitiko taldeak ez du hutsik egin, eta Gipuzkoako Herriarteko finalerako txartela eskuratu du beste behin –Azkoitia da azken bi urteetako txapelduna–. Joan den astean, Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zituzten finalerdietako joaneko partidak, eta palista azkoitiarrek 2-1 irabazi zuten, hiru partidetatik bi garaipen eskuratu baitzituzten. Gaur ere halaxe egin dute. Kantxa osoan 20-12 irabazi du Iker Epeldek, eta zazpi koadroren barruan, berriz, 20-11 nagusitu da Jokin Aizpuru.
Binakakoa galdu du etxeko taldeak, Oier Beitiak eta Igor Juaristik, markagailua 12-20 utzita.
Ez da zale askorik bertaratu, baina han egon direnek gogotik animatu dute herriko taldea, eta partida biziak eta tanto politak ikusteko aukera izan dute.
Aurreneko partidan, esaterako, 5-9 hasi da galtzen Epelde, baina hortik aurrera buelta eman dio partidari, eta aurkaria baino gehiago izan da partida osoan zehar, eta tanto ederrak egin ditu.
Bigarren partidan Astigarraga izan da nagusi, baina markagailua 4-12 egon arren, azkoitiarrek ez dute amore eman azken unera arte, eta lortu dute markagailuan gerturatzea ere –11-17 –. Kanpoko taldeak sendo eutsi dio, ordea, garaipena lortu arte.
Hirugarren partidan dotore hasi da Aizpuru, eta 12-3ko markagailua jarri du –berez, 8 tanto eginda nahikoa zuten azkoitiarrek finalerako txartela eskuratzeko–. Aurkariak ez du etsi, ordea, eta lortu du joanekoan baino tanto gehiago egitea –ordukoan 2-20 amaitu zen partida Azkoitiaren alde–; gaurkoan 11 tanto egin ditu Astigarragak. Lehia horretan ere tanto ederrak ikusteko aukera egon da.
"Finalean izerdi asko atera beharko dugu"
Datorren asteburuan jokatuko du finala Azkoitiak Hernani-Donostia kanporaketako irabazlearen aurka –bihar dute partida horiek–. Itzulerakoa jokatuta, Donostia da aurretik, eta iaz ere huraxe iritsi zen finalera.
Gaurko partiden amaieran "gustura" zen Iker Epelde pilotari azkoitiarra finalerako txartela eskuratu dutelako. "Joanekoan bideratuta utzi genuen, baina gaur ere gutxienez emaitza bera behar genuen, eta gustura gaude aurreneko eta hirugarren partidak irabazita".
Astigarraga aurkari gogorra izan dela azaldu du Epeldek. "Joanekoan 20-16 irabazi nuen, nahikoa justu, eta nahiz eta orokorrean 4-2 irabazi dugun, partida gogorrak jokatu dituzte Astigarragakoek".
Azken bi txapelketak irabazita faboritoak azkoitiarrak diren arren, Epeldek zuhur hitz egin du datorren asteko finalaz. "Iaz justu-justu irabazi nien nire partida donostiarrei, 20-18 eginda, eta bigarren partida galdu egin genuen. Hortaz, zaila izango da eta izerdi asko atera beharko da", esan du.
Oraindik jakiteko dago finala non eta zer ordutan izango den, baina Epeldek uste du finalean ez zaiela faltako herritarren berotasunik. "Finaletara beti etorri zaizkigu lagunak, familiakoak eta herritarrak", azpimarratu du.
Azkenik, gaur partidarik jokatu ez arren, Azkoitiko taldea osatzen duten beste kirolariak ere aipatu nahi izan ditu Epeldek: Oier Epelde, Amaia Aizpuru, Marcos Azpiroz, Aratz Zabaleta eta Igor Larrañaga.