Baztartxo jendez goraino zela egin dute ikasturte amaierako jaialdia Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleek

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 11a, 11:00

Atzo, ostiralez, egin zuten ikasturte amaierako jaialdia Baztartxon. 19:00ak pasatxo hasi zen emanaldia, eta Oier Salegik gidatu zuen. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Baztartxora Bizkargikoen emanaldiaz gozatzera. 

Pandemia tarteko hainbat urtez jaialdirik egin gabe egon ostean, ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasle eta irakasleek. Baztartxo jendez lepo bete zen emanaldirako. Oier Salegik gidatu zuen ordubete pasatxo iraun zuen saioa, eta musikariak, orkestra, abesbatza, euskal musika tresnen taldea, rock taldea eta dantzariak igo ziren oholtzara, besteak beste. Amaitzean, urtero bezala, goxokiak banatu zituzten. 

Musika tailerrean aritzen diren 3 eta 4 urteko haurren emanaldiarekin hasi zen jaialdia, eta horiek Pizzicato abestia eskaini zuten. Horien ondoren, musika tailerrean aritzen diren 5 eta 6 urteko haurrak Danimarkako dantza herrikoia eskaini zuten. Jarraian Musika Hezkuntza Goiztiarrean aritu diren haur eta gurasoek Xaguaren eta katuaren dantza eskaini zuten. Segidan, 4, 5 eta 6 urteko dantzariak izan ziren oholtzara igo zirenak, eta haiek Buhamiek badakite dantza eskaini zuten. Nagusien musika tailerrekoek, berriz, Azkoitiko Bulego musika taldearen Alboan abestia eskaini zuten, Baztartxora bertaratutakoen txalo artean. Bizkargi abesbatzak doinu afrikarrak eman zituen atzokoan Baztartxora, eta Dubula izeneko abestia eskaini zuten. Dantzari nagusiek, ostera, Scottish dantza eskaini zuten atzokoan. Trikiti eta pandero jotzaileak izan ziren oholtzara igotzen zortzigarrenak, eta horiek Agurra baltsa eta Plaza gizona polka joko zituzten. Ondoren, gitarra eta saxofoi taldea igo ziren agertokira, eta haiek ere ikusleen txaloz lagunduta eskaini zuten emanaldia. Hain zuzen, To be with you eta I love rock and roll abestiak eskaini zituzten. Jaialdiari amaiera gazteen orkestrak eman zion, ohiturei jarraituz. Haiek The syncopated clockThe flintstones eta Do, Re, Mi abestiak eskaini zituzten. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide