Maila eta giro ona, San Andres igeri txapelketan

Andoni Elduaien 2022ko eka. 10a, 18:43

12 eta 9 urte arteko neska-mutilek jokatu dute igeriketa txapelketa Elkargunean. Ordubetean amaitu dituzte probak eta ondoren sari banaketa ekitaldia nahiz merienda egin dituzte.

Gaur, ostirala, igeriketako San Andres saria jokatu dute Elkarguneko igerilekuan. Iazko azaroan, bertan behera utzi zuten Zubiaurre igeriketa klubak antolatuta proba pandemiagatik, eta gaur egin dute haren ordezkoa. 2010. urtetik 2013. urtera bitartean jaiotako 100 neska-mutil ingurun egin dute jauzi tranpolinetik igerilekura.

Beroketa ariketak egin ondoren, 16:00ak igaro berri ekin diote probari 2013. urtean jaiotako neska-mutilek, eta urtez urtez joan dira txapelketak jokatzen; 2010. urtean jaiotako kideak izan dira igeri egiten azkenak. Adinez gazteenek 25 metroko proba egin dute, eta zaharrenek 50 metroko. Igerilari ia guztiek estilo librean osatu dute proba.

Azkoitiko Zubiaurre eta Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubeko kideak aritu dira lehian, baita Marea Urdinako lagunak ere. Proba guztiak amaitutakoan sari banaketa ekitaldia egin dute. Parte hartzaile bakoitzak domina jaso du. Podiuma osatu dutenei, berriz, Angel Martin udaleko kirol zinegotziak eta Zubiaurreko kideek eman dizkiete garaikurrak. Festa borobiltzeko, merienda egin dute guztiek batera Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide