Javier Zubizarreta alkatea Xubi enpresa ezagutzen izan da Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 9a, 17:41

Eusko Jaurlaritzak Urola Erdiko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-plana aurkeztu du gaur, Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. Horren ostean egin dute bisita Azkoitiko Xubi enpresara. Alkateak Xubiren nagusi zenaren semeek enpresari eman dioten jarraipena "eredugarritzat" jo du, eta aldaketak egiteko modua goraipatu du. 

Eusko Jaurlaritzak Urola Erdiko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako 2022ko laguntza-plana aurkeztu du gaur, Azpeitiko Basazabal jauregian. Informazio saio hori Iraurgi Berritzenekin elkarlanean antolatutakoa izan da, eta Urola Erdiko hogei enpresa inguruk parte hartu dute. Laguntza programen aurkezpenaren ondoren, jardunaldian parte hartu duten enpresetako ordezkariek networkinga egiteko aukeratu izan dute, eta bukatzeko, Eusko Jaurlaritzako eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariek bisita instituzionala egin dute Azkoitiko Xubi Engranajes enpresara. Bertan izan da Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea ere, eta gertutik ezagutu du herriko Xubi Engranajes enpresan egiten duten lana. 

Xubi Engranajes Xubi Group-en enpresetako bat da, Renogear, BSG Zuazo eta Osaturekin batera. Doitasun handiko engranejeak diseinatu eta fabrikatzen ditu enpresak. Esteban Sudupe enpresaren sortzaileak gidatuta, erakundeetako ordezkariek Xubi Engranajesen ekoizpen planta bisitatu dute. 

Alkateak Xubiren nagusi zenaren semeek enpresari eman dioten jarraipena "eredugarritzat" jo du, eta aldaketak egiteko modua goraipatu du. "Aitak semeei legatua utzi die, eta semeek erantzuten jakin dute. Oso ondo eramandako aldaketa izan da, eta emaitza begi-bistan dago", adierazi du Zubizarretak- 

Laguntza-plana

Jaurlaritzak azaldu duenez, aurtengo laguntza plan horrek 74 programa jasotzen ditu, eta 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Laguntza hauek ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko Jaurlaritzaren "lehentasunezko helburua" betetzen lagunduko dutela adierazi dute gaurko saioan: "Era berean, lagungarriak izango dira Euskadiko enpresa-sarearen garapen inklusiborako eta jasangarrirako ere". Laguntza horien %70 baino gehiago I+G+b programetara eta trantsizio energetikora bideratuko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide