Bihar, larunbata, Lurraldebusen hainbat autobus zerbitzutan aldaketak izango dira. Zarautzen (Gipuzkoa) Zarauzko 34. Triatloia jokatuko dute, eta Urretxun (Gipuzkoa) txirrindularitza proba bat. Hori horrela, UK01, UK03 eta UK06 autobus lineei eragingo diete bi probek.
UK01 lineako –Azkoitia eta Donostia artekoa– autobusak ez dira pasatuko Zestoako Iraeta auzotik, Zarauzko triatloiagatik. Azkoititik 14:45ean, 15:45ean, 16:45ean eta 17:45ean abiatzen diren autobus zerbitzuek jasango dituzte aldaketak; izan ere, Iraeta parean errepidea itxita egongo da.
UK03 lineari dagokionez –Azkoitia eta Zarautz artekoa–, Azkoititik 15:05ean Zarautzera irteten den autobusak geltoki bakarra egingo du, Hotel Zarautz pareko biribilgunean. Zarauztik Azkoitira 16:05ean abiatzen den autobusak ere geldialdi bakarra egingo du, biribilgune berean, hain zuzen. Ibilbidea Elgoibar-Zarautz autobidetik egingo dute autobusek, eta Zarauztik Azkoitira datorren autobuseko bidaiariek autobusez aldatu beharko dute Azpeitira nahiz Zestoara joateko.
Aldaketa gehien, ordea, UK06 autobus lineak –Zumaia eta Zumarraga artekoa– jasango ditu. Zumaiatik 14:45ean irteten den autobusa ez da Zestoatik igaroko, bidea autobidetik egingo baitu hark. Azkoitira Azkaratetik zehar joan beharko du autobusak, eta hara iritsitakoan, bidaiariek autobus aldaketa egingo dute. Horren ordez, 15:00etan abiatuko da Zestoatik Zumarragarako autobusa, eta Azkoitian autobusez aldatu beharko dute bidaiariek. Urretxun, berriz, txirrindularitza proba bat jokatuko dute, eta horregatik, Zumarragako Okendo nahiz Izazpi kaleetan eta Zumarragako ospitalean egingo du geldialdia Zumaiatik 14:45ean ateratzen den autobusak. Ordu horretako autobus zerbitzuaren gainerako geldialdiak ezeztatu egingo dituzte Zumarragan eta Urretxun.
Aldiz, Zumaiatik 16:45ean eta 17:45ean abiatzen diren autobus zerbitzuak ezeztatu egingo dituzte Zumaia eta Zestoa artean. Horregatik, zerbitzu horiek 17:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Zestoatik Zumarragara. Zumarragako ospitaletik Zumaiara 15:10ean eta 16:10ean abiatzen diren autobusak, ostera, Zestoaraino iritsiko dira soilik; autobusa ez da Zumaiara joango. Zumaian Axular ibilbidea itxita egongo da 18:00etatik 19:30era bitartean, eta Zumarragatik 18:10ean irteten den autobusa ez da geldituko Zumaiako Patxita Etxezarreta kalean. Zerbitzu horrek Zumaiako autobus geltokian egingo du geldialdi bakarra.
Trafikoan ere eragina
Meagako bidea itxita egongo da bihar arratsaldean Zarauzko triatloiagarik, eta beraz, Azkoititik Zarautzera joateko, eta alderantziz, AP-8 autobidetik joan beharko dute. Zumaiara joateko ere, Zarauzko bidesarian atera beharko da, eta ondoren N-634 errepidea hartu. Zarautz-Zumaia norabidean zabalik egongo da kostako errepidea, baina kontrako noranzkoan itxi egingo dute.