Bihar, ostirala, igeriketako San Andres saria jokatuko dute Elkarguneko igerilekuan. Iaz, bertan behera utzi zuten proba pandemiagatik, eta denboraldi amaiera baliatuz, bihar egitea erabaki du Zubiaurre igeriketa klubak. 2010. urtetik 2013. urtera bitartean jaiotako 100 neska-mutil baino gehiagok elkartuko dira Azkoitian.
15:30ean sartuko dira haurrak beroketa ariketak egitera, baina txapelketa 16:00-16:15 inguruan hastea aurreikusi dute Zubiaurreko arduradunek. Azkoitiko Zubiaurre eta Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubeko kideak arituko dira lehian, eta estilo libreko probak jokatuko dituzte. Hain zuzen, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek 25 metroko proba egin beharko dute, eta 50 metrokoa 2010ean eta 2011n jaiotakoek.
Ikustera joan nahi duten herritarrek ez dute horretarako eragozpenik aurkituko; izan ere, igerilekuko beiratetik txapelketa jarraitzeko aukera egongo da. Proba guztiak amaitu eta sari banaketa ekitaldia egindakoan, Zubiaurre igeriketa klubak merienda eskainiko die bi klubetako ordezkariei, Elkargunean.