Azkoitiko gomazko palistek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdietako itzulerako partidak jokatuko dituzte bihar, larunbata, Gurean. 10:30ean hasiko dira partidak herriko pilotalekuan. Joan den astean, Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zituzten joaneko partidak, eta palista azkoitiarrek 1 eta 2 irabazi zuten.
Iker Epeldek 16 eta 20 irabazi zuen kantxa osoan, Oier Beitiak eta Igor Juaristik 20 eta 11 galdu zuten binakakoa, eta Jokin Aizpuru 2 eta 20 nagusitu zen zazpi koadroren barruan. Hamahiru tantoren aldea dago talderen artean; izan ere, 38 tanto dituzte alde Astigarragako palistek eta 51 azkoitiarrek.
Dagoeneko hilabete daramate palista azkoitiarrek Herriarteko txapelketan. Final-zortzirenetako kanporaketan Zarautz hartu zuten mendean azkoitiarrek, 5 eta 1 irabazita. Final-laurdenetan, berriz, bi asteko atsedena hartu zuten palistek, Soraluzek lesioengatik kanporaketa jokatzeari uko egin ostean. Hori horrela, finalerdietara sailkatu zen Azkoitia.
Orain, Astigarraga dute aurkari herriko palistek. Kanporaketa gaindituz gero, gomazko paletako Herriartekoaren azken bi edizioetako txapelduna finalean izango dira berriz ere. Finala datorren asteburuan jokatuko lukete, Hernani-Donostia kanporaketako irabazlearen aurka. Itzulerakoa jokatuta, Donostia da aurretik beste finalerdian.