Anaitasuna futbol taldeak Gorrixen Egune ospatuko du larunbatean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 9a, 10:54

2019. urtean ospatu zuen Anaitasunak azkenekoz Gorrixen Egune.

Meza, bazkaria eta urteroko sari banaketa ekitaldia egingo ditu herriko futbol taldeak larunbatean.

Anaitasuna futbol taldeak ezin izan du klubaren eguna ospatu azken bi urteotan, baina izurriak etendako ospakizun festa berreskuratuko du aurten klubak. Hain zuzen ere, larunbatean, ekainak 11, ospatuko du Anaitasuna futbol taldeak Gorrixen Egune.

Aurten ere ohi bezala ospatuko dute jaia. 12:00etan, meza egingo dute Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian Anaitasunan jokatutako jokalari guztien omenez. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute klubeko jokalariek. Aurten, Loiolako Kiruri jatetxean egingo dute bazkaria, eta hori horrela, herria eta jatetxea lotzeko autobusa jarriko du Anaitasunak. Bazkaltzera joateko, 14:00etan abiatuko dira lehen autobusak Aizkibel liburutegi paretik, eta itzulerakoak, 18:30ean abiatuko dira jatetxetik.

Denboraldi amaierako bazkaria egiteko, jokalariak, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideak elkartuko dira. Bazkalostean, urteroko sari banaketa ekitaldia egingo dute, talde bakoitzean gol gehien sartu dituen jokalaria eta gehien nabarmendu den jokalaria sarituz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide