'Bihurguneko nasa' liburua izango dute hizketagai astelehenean, Irakurle Taldearen lehen saioan

Anartz Izagirre 2022ko eka. 9a, 10:33

'Bihurguneko nasa' liburua. (EITB)

Herritar talde batek Azkoitiko Irakurle Taldea sortu du, eta datorren astelehenean, hilak 13, izango da lehen saioa, 20:00etan, Kultur Etxean. Iñigo Aranbarri idazleak gidatuko ditu saioak, eta herritar orok izango du parte hartzeko aukera.

Azkoitiko Irakurle Taldea ibilbidea hastear da. Helduen "irakurzaletasuna sustatzeko eta partekatzeko" asmoz sortu du taldea herritar talde batek, udalaren laguntzarekin, eta datorren astelehenean, ekainak 13, izango da lehen saioa. Uxue Apaolaza idazlearen Bihurguneko nasa ipuin-liburua izango dute hizpide irakurzaleek, 20:00etan hasita, Kultur Etxeko 3. solairuko Areto Txikian. Hasiera batean 19:00etan egin behar zuten lehen saioa, baina azken orduko arrazoi baten ondorioz, 20:00etara atzeratu dute.

Taldea bi hilean behin elkartuko da, eta Iñigo Aranbarri azkoitiarra izango da saioen gidaria. Hurrengo hitzordua, berriz, uda ondoren izango dela aurreratu du taldeak, urrian, hain zuzen ere. Dena den, hurrengo daten eta irakurgaien inguruko xehetasunak aurrerago emango dituztela adierazi dute.

Azkoitiko Irakurle Taldean parte hartzeko edota egitasmoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide