Datorren igandean egingo dute XXIV. Zazpi Kurutzeko mendi ibilaldia. Anaitasuna Mendi Bazkunak bi urtetik behin antolatu ohi du mendi martxa, eta ohi bezala, aurten ere Azkoitiko eta inguruko zazpi gurutze lotu beharko dituzte mendi martxan izena eman duten mendizaleek.
Gaur-gaurkoz, 285 lagunek eman dute izena iganderako. Gehienez 300 lagunek parte hartu ahalko dute Zazpi Kurutzen, eta oraindik ibilaldian parte hartzeko plazak libre daudenez, igande goizaldean izena emateko mahaia jarriko dute antolatzaileek herriko plazan bertan. 20 euro ordaindu beharko da izen-ematea ibilaldiaren egunean.
Igande goizaldean, 04:00etan, abiatuko dira parte hartzaileak Azkoitiko plaza nagusitik, eta 55 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Azkoitiko plazatik Erlo mendira (1.027 metro) zuzenduko dira mendizaleak, eta handik Aittolara (645 metro). Handik Zargoatera (540 metro) zuzenduko dira parte hartzaileak, eta segidan, Hirukurutzerara (895 metro). Eguneko bosgarren mendia Irimo (898 metro) izango da, eta Izazpi (950 metro) hurrengoa. Igo beharko duten azken mendia Oleta (756 metro) izango da.
Zazpi gurutze lotu beharko dituzte parte hartzaileek, eta horretarako, beharrezkoa izango dute indarrak ondo neurtzea. Anaitasuna mendi bazkunak jakinarazi du, ibilbidean zehar sei anoa gune jarriko dituztela jan-edanerako. Hain zuzen, Aittolan, Hirukurutzetan, Gorlan, Santa Barbaran, Pagotxoetan eta Oletan jarriko dituzte postuak.
Anaitasuna mendi bazkunako kideek eskatu dute zaborrik lurrera ez botatzeko, mendiak "zaindu" eta "errespetatu" egin behar direlako. Era berean, edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte ibilaldia hasi baino lehen "zaborra murrizteko" helburuarekin, eta parte hartzaileei horiek erabiltzeko dei egin diete. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute Zazpi Kurutze mendi ibilaldia dela, eta parte hartzaileak ibilbidea lasai egitera animatu dituzte, "Zazpi Kurutzen betiko esentzia gal ez dadin".