"Gurean beti etxekoek dute lehentasuna". Esaldi horrekin lagunduta jakinarazi du Iraurgi Saskibaloi Taldeak Joseba Lizarralde Rubio izango dela 2022-2023 denboraldian Azkoitia-Azpetia ISBren entrenatzailea. Joan zen maiatzean jakinarazi zuen ISBk azken bi denboraldietan entrenatzaile aritutako Andoni Lazkanok ez zuela jarraituko ISBko emakumeen lehen taldea zuzentzen. Haren lekukoa hartuko du Lizarraldek, eta Azkoitia-Azpeitiaren entrenatzaile berriak Twitter bidez jakinarazi duenez, "gogo handiz" dago.
Aurten mailari eutsita, datorren denboraldian ere Challenge ligan arituko da ISBren emakumezkoen lehen taldea. Hain zuzen, iaz sortu zuen Callenge liga Espainiako Saskibaloi Federazioak, eta bukatu berri den denboraldia maila horretan egin du taldeak.
ISBren hastapenetatik klubera lotuta egon da Lizarralde, eta ez da emakumezkoen lehen taldea gidatuko duen aurreneko aldia. Izan ere, hark gidatu zuen Añares-Rioja ISBko emakumezkoen taldea 2015-2016ko denboraldi gogoangarrian. Urte hartan Emakumeen Lehen Ligan aritu zen ISB. Hurrengo denboraldian gizonezkoen lehen taldearekin –Sammic ISBrekin– aritu zen Lizarralde, Iker Buenoren ondoan, entrenatzaile laguntzaile gisa. Xabi Chicoren lekukoa hartu zuen Lizarraldek orduan.
Azken urteetan Euskal Selekzioarekin aritu da Lizarralde hautatzaile nahiz entrenatzaile lanetan. Joan zen apirilean jakinarazi zuen amaitutzat ematen zuela Euskal Selekzioarekin egindako ibilbidea zazpi urteren ostean.