Igandean, ekainak 12, Trinitate jaia ospatuko dute Azkoitia eta Zumarraga artean dagoen Oleta mendian (756 metro). 10:30ean, Zumarragako Aginaga auzoan elkartuko dira festaren antolatzaileak, eta handik Oleta mendira igoko dira. 12:00etan, ohi bezala, meza egingo dute Oletako gurutzearen bueltan.
Mezaren ondoren, 13:00etan, erromeria egingo dute Miren eta Agurtzane trikitilariekin, baita toka txapelketa jokatu ere. 14:30ean, auzo bazkaria egiteko elkartuko dira gurutzearen ondoan jarriko duten karpan, eta nahi duen orok izango du han bazkaltzeko aukera. Bazkalostean ere erromeria egingo dute Oletan Miren eta Agurtzane trikitilariekin. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztiak Aginaga auzoan (Zumarraga) egingo dituztela aurreratu dute egunaren antolatzaileek.