Azkoitia GXF Sustapena xake txapelketaren finala jokatuko dute igandean

Anartz Izagirre 2022ko eka. 9a, 08:36

Haurrak, iazko xake txapelketan. (Andoni Elduaien)

Gipuzkoako 120 haur inguruk parte hartuko dute txapelketan. Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeak antolatu du txapelketa, eta 10:00etan hasiko da. Hasiera batean Gurea pilotalekuan jokatu behar zituzten norgehiagokak, baina azken uneko arazo bat tarteko, azkenean Elkargunean lehiatuko dira xakelariak.

Datorren igandean, ekainak 12, Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketaren finala jokatuko dute, 10:00etan hasita. Hasiera batean Gurea pilotalekuan jokatu behar zituzten norgehiagokak, baina azken uneko arazo bat tarteko, azkenean Elkargunean lehiatuko dira xakelariak. Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatu du txapelketa Gipuzkoako Xake Federazioarekin elkarlanean, eta adierazi dutenez, lurralde osoko 120 haur inguruk parte hartuko dute finalean. Txapelketa antolatzea  "erronka handia" izango dela adierazi dute Azkoitiko klubeko kideek, eta argi dute zein den helburua: "Gipuzkoako etorkizuneko xakelariek gure herrian egun eder bat igarotzea eta beraien kirol espektatiba guztiak betetzea".

Txapelketa ez da berria; izan ere, aurrerantzean, Azkoitia GXF Sustapena txapelketak  orain arte Kutxa Fundazioak antolatu izan duen Kutxa Fundazioa-Gaztedi Txapelketa ordezkatuko du. Kutxa Fundazioak bertan behera utzi ditu Gaztedi programako zenbait proiektu, horien artean, xakea. Halere, Gipuzkoako Xake Federazioak txapelketari eutsi nahi izan dio, eta horien finalak antolatzen jarraitzeko, Anaitasuna-Kakute xake taldearekin lortu du akordioa. Azkoitiko klubak zortzi aldiz antolatu du Gaztedi Txapelketaren finala –2004an, 2007an, 2012an, 2017an, 2018an, 2019an, 2020an eta 2021ean–, eta klubak finalak antolatzeko dituen "esperientzia" eta "atzeko lana" hartu ditu kontuan xake federazioak. Aurrerantzean bien arteko elkarlanaren ondorio izango da xakelari gazteen sustapenerako proba.

Azkoitia GXF Sustapena txapelketaren finala hiru mailatan banatuko dute: 20 urtez azpikoena, 14 urtez azpikoena eta 12 urtez azpikoena. Lehen fasean, eskualdez eskualde aritu dira parte hartzaileak, eta xakelari onenek finalerako txartela eskuratu dute. Anaitasuna-Kakuteren arabera, Gipuzkoako Xake Federazioa "ahalegin handia" ari da egiten Gipuzkoako xakearen etorkizuna indartzeko. Bide horretan, herriko xake taldeak bere lana egingo duela berretsi du, "berriro guztia ahalik eta ondoen" atera dadin.

Azkoitia Hiria txapelketa

Igandekoa ez da hil honetan Azkoitian izango den xake txapelketa bakarra izango. Izan ere, datorren ekainaren 26an Azkoitia Hiria xake txapelketaren 40. edizioa izango da Kontzejupean, eta Joxe Azkueren oroimenezko XI. Txapelketa izango da aurtengoa. Anaitasuna-Kakuteko kideek dagoeneko partaideen zerrenda itxita dagoela jakinarazi zuten maiatzaren amaieran. Honako taldeak arituko dira txapelketan nor baino nor gehiago: Azkoitia A eta B, Azpeitia, Villabona, Eibar, Elgoibar, Gros, Hondarribia-Marlaxka eta Legazpi, Gipuzkoatik; Santurtzi, Zaldi Baltza eta Zornotza, Bizkaitik; Martintxo, Arabatik, eta Liendo, Kantabriatik (Espainia).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide