Datorren ekainaren 23an San Joan sua izango da Balda plazan, bi urteko etenaldiaren ondoren. Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi du nortzuk piztuko duten sua egun horretan egiten duten ekitaldian: Azkoitri triatloi klubak eta Maxixatzen euskara elkarteak izango dute horretarako ardura.
Udalak aitortza egin nahi die bi elkarte horiei, herrian egindako ekarpenarengatik. Izan ere, Azkoitrik 30 urte bete ditu aurten, eta Maxixatzenek iaz bete zuen mende laurdeneko ibilbidea, urteurrena aurten ospatu badu ere. Hori hala, "ondo merezitako omenaldia" izango dela aurreratu du udalak. "Azkoitian ez litzateke hainbeste kirolari egongo Azkoitri triatloi klubaren bultzadarik gabe, eta euskararen osasuna ahulagoa litzateke Maxixatzen euskara elkarterik izan ez balitz", azpimarratu du erakundeak.
San Juan bezperan, 22:00etan piztuko dute sua Balda plazan, eta aurretik, 19:30ean, Kandiola dantza taldeak eta Bizkargi dantza taldeak emanaldia eskainiko dute.