Dagoeneko erabilgarri dago Txerloiako estalitako tenis pista. Martxoaren hasieran ekin zieten tenis pistetako bat estaltzeko lanei, eta hiru hilabeteren buruan amaitu dituzte obrak. Hain zuzen, 36x18 metroko dimentsioa eta 650 metro koadroko azalera duen pista estali dute. Pista hori estaltzeko lanek 474.986 euroko aurrekontua izan dute. Gaurtik aurrera, beraz, Txerloia tenis klubeko kideek nahiz herritarrek ez dute eguraldiaren menpe egon beharko tenisean jokatu ahal izateko.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Javier Zubizarreta alkatea eta Txerloia tenis klubeko Karmen Zendoia presidentea nahiz Ainhoa Peña tenis eskolako zuzendaria, Txerloiako tenis pistetan elkartu ziren aurreko astean, obren nondik norakoak ikusteko eta horien balorazioa egiteko. "Obrak hasi eta bukatu bitartean, udaleko arduradunek etengabeko hartu-emana izan dute klubarekin, esku-hartzearekin une oro dituzten beharrei erantzun ahal izateko. Behar beharrezkoa zuen tenis klubak horrelako pista bat, eta orain, esan ohi den moduan, osasunarekin urratu eta gozatu dezatela", adierazi du alkateak.
Txerloia tenis klubeko kideak ere pozik agertu dira tenis pista estalita. "Tenis pista hau gure ume txikia balitz bezala zainduko dugu. Guretzat sekulako deskantsua da hau; izan ere, orain arte, eguraldia hala moduzkoa baldin bazen, Azkoitia BHIko instalazioetara joan behar izaten genuen zalantzaren aurrean, eta behin hara joanda, han geratzen ginen lau orduz. Orain, euria hasten badu, pista estalira ere sar gaitezke, eta alderantziz, atertu duela ohartutakoan, beste bi pistak erabiltzeko aukera izango dugu", azaldu du Peñak. Era berean, tenis eskolako zuzendariak nabarmendu du txapelketa guztiak ospatzeko "bermea" emango diela aurrerantzean estalitako pistak.
Tenis pista estaltzeaz gain, irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egin dituzte haren bueltan. Hain zuzen, tenis pistetarako sarrera tokiz aldatu dute, inork "oztopo arkitektonikorik ez dezan topatu". Hori horrela, tenis pista bakoitzera sartzeko zeuden lehengo eskailerak kendu, eta estalitako tenis pistaren azpiko atetik sartu beharko da aurrerantzean instalazioetara. Halaber, estalitako pistaren alboan jarlekuak ere jarri dituzte.
Txerloia tenis klubak 250 kide ditu gaur-gaurkoz –horietako 200 dira haurrak eta gazteak–, eta 30 talde baino gehiago dituzte. Nabarmendu dute, gainera, inguruko herrietatik "gero eta jende gehiago" ari dela etortzen Azkoitiko pistetara tenisean jokatzera. Bide batez, gogoratu dute Txerloia tenis kluba arduratzen dela pisten erreserben kudeaketaz.