Mikel Odriozola da Juaristi ISBren entrenatzaile berria

Andoni Elduaien 2022ko eka. 7a, 12:23

Mikel Odriozola bigarren entrenatzailea izan da azken denboraldian. (Argazkia: ISB-L. Garcia)

Azken denboraldietan, Juaristi ISBren bigarren entrenatzailea izan da Odriozola, Iñaki Jimenezekin batera. 2022-2023 denboraldian donostiarrak zuzenduko du Iraurgi SBren mutilen lehen taldea.

Mikel Odriozola 31 urteko entrenatzaile donostiarrak zuzenduko du datorren denboraldian Juaristi ISB. Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi klubak gaur, asteartea, jakinarazi du berria sare sozialen bidez. Taldeak eta entrenatzaileak akordioa lortu dute, Odriozolak 2022-2023 denboraldian mutilen lehen taldea zuzendu dezan.

Odriozolak, besteak beste, gazte mailako Donostiako Easo taldearen entrenatzailea izan zen, baita Gipuzkoako eta Euskadiko gazte mailako hautatzailea ere. Iaz, orain arte Juaristi ISBren entrenatzailea izan den Iñaki Jimenezekin elkartu zen, eta taldea Urrezko LEB Ligan mantentzea lortu dute. Datorren urtean, Odriozolarena izango da taldea zuzentzeko ardura osoa. Iraurgi SBk sare sozialetan nabarmendu du taldea "esku onetan" dagoela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide