Oletako aerosorgailuen proiektuaren kontrako taldea sortu dute hainbat herritarrek, eta sinadura bilketa hasiko dute

Ane Olaizola 2022ko eka. 7a, 09:56

Capital Energy enpresak Oletan gauzatu nahi duen Buruzai proiektuaz hitz egiteko bilera antolatu zuen atzorako herritar talde batek, eta hogei bat lagunek hartu dute herrian informazioa zabaltzeko eta ekintzak antolatzeko konpromisoa. Aurreneko ekintza izango da herritarren sinadurak biltzea; igandean hasiko dira horretan, Zazpi Kurutze mendi martxaren irteeran.

Capital Energy enpresa lau aerosorgailu jartzekoa da Oleta mendian, horietatik bi Azkoitiko udalerriari dagokion eremuan, eta bana Zumarragan nahiz Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), Buruzai proiektuaren barruan. Herritar talde batek antolatuta, proiektuari buruz hitz egiteko bilera egin zuten atzo, astelehena, Elkargunean hainbat lagunek. Antolatzaileen arabera, 33 bat lagun bildu ziren bileran, eta talde bat sortzea erabaki zuten, aurrera begira herrian hainbat ekintza abian jartzeko; hain zuzen ere, Oletan jarri nahi dituzten aerosorgailuen proiektuaren aurka egiteko sinadura bilketarekin hasiko du talde sortu berriak bere jarduna.

Antolatzaileek adierazi dute saioaren helburua zela hara bertaratu zirenen iritziak entzutea. "Bilerara etorri ziren guztiek erakutsi zuten proiektuaren kontrako jarrera, eta orduan, talde bat sortzea erabaki genuen". Hogei bat lagunek hartu dute lanean hasteko konpromisoa, baina taldea irekia dela nabarmendu dute antolatzaileek, interesa duen edonork parte har dezan.

Taldearen helburua da, besteak beste, Oletan gauzatzeko asmoa duten proiektuaren gaineko informazioa zabaltzea. Horrez gain, sinadura bilketa abiatuko dutela aurreratu dute, eta igande goizaldean hasiko dira horretan. Hain zuzen ere, Zazpi Kurutze mendi martxa abiatuko da 04:00etan Kontzejupetik, eta taldeak orduan pankarta bat jartzeko eta sinadurak biltzen hasteko asmoa du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide