Maiatzaren 28an Azkoitian gertatu zena azaltzeko hitzak falta zaizkigu; gertaerak, behintzat, azaldu ditzakegu. 09:00etarako herriko plaza eta haren inguruak berdez janzten hasi ziren, pankarta batzuk alde batetik, esku batzuk bestetik... Gero etorriko zenaren iragarle. 10:00 aldera inklusioaren eta solidaritatearen mundura sarbidea izango zen zubi txuri urdina puztu zen, eta esker onaren txokoa ere jarrita zegoen ordurako.
10:45 ziren, geroz eta gutxiago falta zen. Jendetza plazara hurbiltzen hasi zen, hamar lagun lehendabizi, hogei geroago, 30, 50... harik eta 300 pertsona inguru elkartu ziren arte. Ez ziren termopilak, baina han zeuden guztiak helburu bakar eta berdin baten alde borrokatzeko prest zeuden. Giro bikaina genuen, lagun. Eguzkia, musika eta egun berezi horietan izaten den umore hori. Irribarreak jendearen aurpegietan, azkenen unean ibiltzen direnen presak, dortsal bat alde batetik, poltsa bat bestetik, esku bat borondatearen kutxara ekarpen bat egiten. Urduritasuna nabarmena zen txaleko laranjak zituzten lagunen artean. 10:55 ziren, eta bakoitza bere postura hurbiltzen hasia zen. Bidegurutzeak prest, baita txirrindulariak ere eta lasterketan parte hartzeko asmoa zuten 300 azkoitiar horiek ere zubiaren azpian zauden jada.
10:59 ziren. Hiru, bi, bat... eta txistu hotsarekin batera hasi zen lasterketa. Horrenbeste denboran lanean jardun ondoren, iritsi zen ordua. Ilusioz beterik hasi zuten lasterketa partaideek, hala nola umeek, gazteek eta helduek; txakurrak ere baziren tartean. Batzuk familian, beste batzuk lagunekin edo bikoteekin, batzuk korrika, besteak oinez, baina guztiak norabide berdinean, arrazoi beragatik borrokan. Herriko erdigunea gelditu egin zen, eta CDKL5aren aldeko pankartekin bete ziren kaleak. Maren eta haren familia ere han ziren, jendearen berotasuna eta babesa sentitzen. Guztion artean ari ginen CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna ematen.
Ibilbidearen kaleak zeharkatu ondoren, plazara iristen hasi ziren berriro ere partaide guztiak. Parte hartzaileak txalo artean agurtu zituzten begira zaudenek, jendeak helmugara iristen ari zen bitartean. Txalo zaparrada handiena, ordea, Marenen familiarentzat izan zen. Helmugaratuta zeuden gainerako partaideek eta inguruan zeuden guztiek pasilloa egin zieten haiei merezitako etorrera egiteko. Emozio asko airean. Batzuei, malkoren batek ere ihes egin zien. Une horretan ikusi zen guztion artean lortu genuenaren handitasuna, guztiok irabazle izan ginen lasterketa eder horretan.
Horregatik guztiagatik, eskerrak eman beharren gaude egun horretan plazara gerturatu zineten guztioi, izan lasterketan parte hartzeko, izan zuen borondatea erakusteko, edo, besterik gabe, ekintzaren parte izan nahi izan zenutenoi. Eskerrak, era berean, otsailean Kantu Kolore musika taldearen ikuskizunera joan zineten guztioi; izan ere, orduan hasi zen gure proiektua. Ez gara ahazten maiatzeko azken astean Abarketatxo ludotekan izan genuen azokara joan zinetenekin, ezta hitzaldia jarraitzera gerturatu zinatenekin ere; edo besterik gabe, borondatearekin lagundu gaituzuen guztiokin. Eskerrik asko benetan hau guztia posible egiteagatik.
Horrez gain, bada guzti hau antolatzen lagundu diguten beste jende asko ere, guztiek esker berezi bat merezi dutenak. Lehendabizi, eskerrik asko Kantu Kolore taldeari beraien ekitaldian parte hartzen uzteagatik eta halako arratsalde polita eskaintzeagatik. Eskerrak, baita ere, Marea Urdina elkarteari, batez ere Aritzi, Nekaneri eta Gorkari. Eskertzekoa, era berean, Andoniren lana, esandako bakoitzean prest agertu baita egindako guztia herriari zabaltzeko. Praktikatako lagun horrekin ere ez dugu ahaztu nahi, eskerrik asko Ania zure laguntzagatik. Eskerrik asko ludotekako haurrei eta topalekuko gazteei azokan saldutako eskulanak egiteagatik, baita bidegurutzeetan trafikoa mozten lagundu zenutenoi ere. Zulaikari eta bere taldeari ere eskerrak beraien laguntza eskaintzeagatik. Baita Uitetxori ere, zuek jakin ez arren, momentu zailenetan barre bat ateratzeagatik. Azkoitiko Udalari, eta, nola ez, eskerrik handienak Ekiñeri, Ioni, Nahiari eta Mareni, zuek gabe hau guztia ez baitzen posible izango.
Zuen guztion laguntzari esker, 3.105 euro bildu ditugu CDKL5 elkartearentzat. Izugarria izan da aurtengoa. Ezin genuen imajinatu horrelako erantzuna izango genuenik. Espero dugu honek guztiak Mareni eta beste hainbeste pertsonari esperantza berri bat emateko balio izatea. Elkarren artean horrela laguntzen jarraitzen badugu, esperantza hori ez da inoiz galduko.
Aurtengoz amaitu da Enea-Zurea proiektua. Ez dakigu hurrengo urtean horrelako zerbait antolatzeko gai izango garen, baina aurtengoak behintzat aurrera jarraitzeko indarra eman digu.