Xabi Orozek beste bi urtez jarraituko du Gipuzkoa Basket taldean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 6a, 15:23

Xabi Oroz, Gipuzkoa Basketeko kapitaina. (GBC-Oscar Araujo)

2023-2024 denboraldiaren amaierara arte luzatu du kontratua Gipuzkoa Basket taldearekin Xabi Orozek. Donostiako taldeak nabarmendu du "taldeko erreferentea" izaten jarraituko duela azkoitiarrak.

Xabi Oroz Acunsa Gipuzkoa Basketeko saskibaloi jokalari azkoitiarrak Donostian jarraituko du 2023-2024 denboraldiaren amaierara arte. Donostiako saskibaloi taldeak eta Orozek hitzarmena berritu dute, azkoitiarrak beste bi urtez Gipuzkoa Basketen jokatu dezan.

2021eko apirilean, azkoitiarrak lesio larria egin zuen belaunean, eta errekuperazio lan luzearen ondoren, aurtengo urtarrilean itzuli zen berriz kantxara. Gipuzkoa Basket taldeak adierazi du, Orozek datozen bi denboraldietan "taldeko erreferentea" izaten jarraituko duela, bai kantxetan eta bai kantxetatik kanpo. Era berean, Donostiako taldeak nabarmendu du, Oroz "Gipuzkoa Basketen sinonimoa" dela.

Orozek zazpigarren denboraldia beteko du klubean datorren sasoian; izan ere, 2014-2015 denboraldian batu zen Gipuzkoa Basket taldera, Iraurgi SB taldearekin egindako hitzarmen baten ostean. Harrezkero, saskibaloi jokalari azkoitiarrak 157 partida jokatu ditu Donostiako taldearekin. Birritan lortu du taldearekin ACB mailara igotzea, eta bide horretan, Printzesaren Kopa ere eskuratu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide