Azkoitri triatloi klubak balentria handia egin zuen herenegun, larunbata, Gasteizen. Arabako Distantzia Erdiko Triatloia jokatu zuten han, baita Euskadiko Distantzia Erdiko Triatloi Txapelketa ere. Hain zuzen, Azkoitri triatloi kluba sailkapeneko lehen taldea izan zen Gasteizen, eta hala, Euskadiko txapelketa irabaztea lortu zuen.
Jon Albizurik, Andoni Aranagak eta Andoni Ibarbiak lortutako denborei esker lortu eskuratu zuen taldeak urrezko domina. 13:25:51 denbora egin zuten Azkoitriko hiru atletek, eta 22 minutu eskaseko errenta atera zioten Cafes Foronda Dida kirol taldeko kideei. Euskadiko Distantzia Erdiko Triatloi Txapelketa irabazteaz gain, Jon Albizuri azkoitiarrak zilarrezko domina ere eskuratu zuen Gasteizen, beteranoen lehen mailako sailkapenean bigarrena izan baitzen, Eneko Llanos triatleta profesionalaren atzetik.
Uribarri Ganboako urtegian hasi zuten proba atletek, eta 1.900 metro osatu behar izan zituzten lehenik. Igeriketa proba amaitu bezain pronto, bizikleta gainera igo ziren parte hartzaileak, eta 90 kilometroko ibilbidea egin zuten. Amaitzeko, 21 kilometro egin behar izan zituzten korrika Gasteizko kaleetan zehar.