Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako bilera egingo dute astelehenean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 2a, 12:05

Mendekotasuna duten pertsonekin lan egiteko behar den Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko formazioa eskainiko dute udan Izarraitz Lanbide Heziketan, eta ikastaroaren harira, astelehenean bilera egingo dute han. Bileran parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Bidez Bide elkarteak mendekotasuna duten adinekoen zaintzaileei zuzendutako ikastaroa eskainiko du udan. Zaintzaileek beharrezkoa dute beraien lana egiteko, mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte eta osasun-arreta emateko Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzea. Ziurtagiri hori lortzeko, aurtengo abenduaren 3ra arteko epea dute zaintzaileek, eta Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak titulazio hori lortzeko doako ikastaroa antolatu du.

Formazioaren harira, bilera deitu dute datorren astelehenerako, ekainak 6. Azkoitian eta Azpeitian lan egiten duten zaintzaileei zuzendu diete deialdia; izan ere, ikastaroaren baldintzei, edukiei, izen-emateari eta hasiera datari buruzko informazioa emango dute orduan.

Bi bilera egingo dituzte astelehenean. Lehen saioa, 16:00etatik 17:00etara egingo dute, eta bigarrena, 17:00etatik 18:00etara. Saioa doakoa izango den arren, bertan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, 747 40 91 29 telefono zenbakira deituta. Aldiz, informazio gehiago eskuratzeko, formacionbidezbide@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da mezu bat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide