Igandean izango da Azkoitiko XXXVIII. Ikaskirol Krosa. Ikasle ugarik parte hartuko dute atletismo proban, hain zuzen, HH4 mailatik DBH2 mailara arteko 900 neska-mutilek. HH4 mailako haurren lasterketarekin ekingo diote probari 10:30ean, eta DBH1 zein DBH2 mailetako ikasleen lasterketarekin amaituko da, 11:55ean. Aurtengo proba ere inklusiboa izango da, eta aniztasun funtzionala duten haurrak eta nerabeak ongietorriak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Azken urteetan bezala, Ibaiondo kaleko Beti Poz elkartearen paretik abiatuko da HH4 eta HH5 mailetako ikasleen lasterketa. Bi maila horietako haurrek eliz ataritik sartuko dira Plazaberrira, eta kale horren amaieran izango duten helmugan bukatuko dute ibilbidea.
LH eta DBH mailetako korrikalariek, aldiz, parrokia parean izango dute irteera, eta Plazaberrin helmuga. Bi itzuli mota prestatu dituzte antolatzaileek: txikia eta handia. Itzuli txikia osatzeko, eliz atariko irteera lerroan hasiko dute proba korrikalariek, eta ondoren, Plazaberri zeharkatuz Balda plazaraino joango dira, han zubia gurutzatuz Ibaiondo kalera hartzeko. Azken kale horretan, eliz atarira zuzenduko dira, lasterketa Plazaberrin amaituko dute. Itzuli handia osatzeko ere eliz ataritik abiatuko dira lasterkariak, Plazaberri eta Klara Donea kaleetatik igaro gero, eta Trino Uria zein Ibaiondo kaleak zeharkatuta, Plazaberrin amaituko dute lasterketa. HHko haurren ibilbideaz gain, LH1 eta LH2 mailetako haurrek itzuli txiki bat emango diote ibilbideari; LH 3 eta LH4 mailetako ikasleek bi itzuli txiki; LH5 eta LH6 mailetako haurrek itzuili txiki eta handi bana, eta DBHko ikasleek, azkenik, bi itzuli handi osatu beharko dituzte.
Proba guztiak amaitutakoan, 12:30 inguruan, sari eta opari banaketa egingo dute Plazaberrin. Sariak LH5 mailatik DBH2ra bitarteko lehen hiru neskek eta hiru mutilek jasoko dituzte. Opariak ere zozkatuko dituzte lasterkari guztien artean, baina saridunak ez dituzte zozketetan sartuko. Era berean, parte hartzaile guztiek domina jasoko dute proba amaitutakoan. Hona hemen lasterketa bakoitzaren ordutegia, mailaz maila:
- 10:30ean, HH4ko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
- 10:45ean, HH5eko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
- 10:55ean, LH1eko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
- 11:05ean, LH2ko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
- 11:15ean, LH3ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
- 11:25ean, LH4ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
- 11:35ean, LH5eko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
- 11:45ean, LH6ko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
- 11:55ean, DBH1 eta DBH2ko ikasleen lasterketa (2.000 metro, bi itzuli handi, parrokia parean hasita).