Tolosan erabakiko da bihar Herriartekoaren eskuzko final-laurdenetako kanporaketa

Andoni Elduaien 2022ko eka. 2a, 09:00

Alex Juaristik nagusien mailan jokatzen du. (Andoni Elduaien)

Joan den astean jokatu zituzten eskuzko pilotariek final-laurdenetako joaneko partidak Gurea pilotalekuan, eta Tolosak 1 eta 2 irabazi zuen. Hala eta guztiz ere, lau tantoren aldeko errenta dute soilik tolosarrek, eta finalerdietara sailkatzeko aukerak ditu gaur-gaurkoz Azkoitiak. Gomazko palistek, berriz, bihar ekingo diote finalerdietako kanporaketari Astigarragan.

Bihar, ostirala, jokatuko dituzte eskuzko pilotari azkoitiarrek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final-laurdenetako itzulerako partidak. Tolosako Beotibar (Gipuzkoa) pilotalekuan arituko dira Oteiza elkarteko pilotariak, 20:00etan hasita.

Ohi bezala, kadeteen, jubenilen eta nagusien mailetako partidak jokatu beharko dituzte pilotariek. Joanekoan, Azkoitiak 1 eta 2 galdu zuen Tolosaren aurka, eta tanto kopurua ere gaur-gaurkoz azken horien aldekoa da; izan ere, azkoitiarrek baino lau tanto gehiago egin zituzten tolosarrek Gurea pilotalekuan –46 Azkoitiak eta 50 Tolosak–.

Kadete mailako partida aise irabazita, kanporaketan aurretik jarri zen herriko taldea. Oier Aldazabalek eta Inhar Egañak sei tantoan utzi zituzten tolosarrak, eta bihar jokatuko duten itzulerakoan ere Azkoitiak aukera handia izango du puntua eskuratu eta kanporaketa berdintzeko.

Jubenil mailako partida zailagoa izango da azkoitiarrentzat. Tolosak 12 eta 22 irabazi zuen Gurea pilotalekuan Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi azkoitiarren aurka. Tolosarren atzelariak maila handia erakutsi zuen, eta azkoitiarrek frontisetik urrun aritu behar izan zuten pilotan. Bihar ere gogotik egin beharko dute lan aurkariak estu hartu eta puntuagatik edota amaieran garrantzitsuak izan daitezkeen tantoengatik borroka egiteko.

Kanporaketaren giltzarria, baina, nagusien mailako partidan egon daiteke. Joanekoan, tolosarrek abantaila handia hartu zuten hasieran Alex Juaristi eta Jon Juaristi pilotari azkoitiarren aurka; denbora gutxian, 0 eta 9 jarri ziren aurretik. Azkoitiarrek atzetik joan izanaren pisua nabaritu zuten partida guztian zehar, eta amaieran, 12 eta 22 galdu zuten.

Palistak, finalerdietan

Bestalde, gomazko palistek ere bihar, ostirala, jokatuko dute Herriartekoaren finalerdietako joanekoa. Astigarragako (Gipuzkoa) udal pilotalekuan aritu beharko dute azkoitiarrek, 19:15ean hasita.

Final-zortzirenetan Zarautz hartu zuten mendean azkoitiarrek, baina final-laurdenetako kanporaketa ez zuten jokatu; izan ere, Soraluzek uko egin zion kanporaketa jokatzeari, taldean zituzten lesioak medio. Hori horrela, Azkoitia zuzenean sailkatu zen finalerdietara. Bi asteko etenaren ondoren, kantxari neurria hartu beharrean dira berriz ere palista azkoitiarrak, aurrean arerio zaila izango baitute. Finalerdietako itzulerako partidak, berriz, datorren astean jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide