Igandean egingo dute Azkoitiko Herri Jaia

Andoni Elduaien 2022ko mai. 31a, 11:58

Txahal errea eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da herriko plazan, 12:00etik aurrera. Era berean, baserritarrek beraien etxeetako produktuak saltzeko postuak jarriko dituzte.

Bueltan da Azkoitiko Herri Jaia. Datorren igandean, ekainak 5, Eusko Labela duen txahal errea eta Euskal Herriko hainbat sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da Azkoitian. 12:00etan hasiko da dastaketa, baina, goiz partean baserritarrek postuak jarriko dituzte plazan.

Orain arte egin bezala, aurten ere Ikurriñaren Plazan erreko dute txahala, eta orduan eskuratu beharko dira hura zein sagardoa dastatzeko txartelak. Guztira, bost baserrik –Ipintza, Zumeta, Zabaleta, Berastegi eta Etxearreta– eta lau sagardotegik –Aburuza, Zelaia, Petritegi eta Añota– parte hartuko dute igandeko Herri Jaian.

Herri Jaia "baserri mundua aldarrikatzeko eta sustatzeko" jarri zuen martxan Azkoitiko Udalak. "Helburua da baserriko produktuak balioan jartzea, kontsumitzaileok bertako produktuen aldeko apustua egiteko", adierazi du erakundeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide