Azkoitiko Udalak laster hasiko du parekidetasun plan berria osatzeko bidea, baina, aldez aurretik, azkoitiarrek egungo egoeraren inguruan duten ikuspegia zein den jakin nahi izan du. Egoeraren diagnostikoa egin nahian dabil erakundea, eta galdetegi bat du irekita herritarrek beraien iritzia eman dezaten. Gaur, asteartea, izango da galdetegi hori betetzeko azken eguna.
Hainbat punturen inguruan galdetu dute galdetegian, besteak beste, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna bultzatzeko zein beharrek duen lehentasuna eta udaleko Berdintasun saila nahiz hark eskaintzen dituen zerbitzuak.
Udalak azaldu du "oraindik ere zeregin handia" dagoela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. "Lan baldintza txarragoak, indarkeria matxista, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak, genero estereotipo tradizionalen iraupena, eta abar". Egoera horien aurrean, "guztien inplikazioa beharrezkoa" dela nabarmendu du, "bai gizonena, bai emakumeena".