Udaberriko Musikaldiko azken emanaldia izango da larunbatean, Santa Kutz komentuan (18:30), eta ez da nolanahiko kontzertua izango aurtengo edizioari amaiera emango diona. Izan ere, Pablo Sainz de Villegas gitarra jotzaile ospetsuak eskainiko du emanaldia. 2020an kaleratutako Alma de guitarra lana aurkeztuko du jendaurrean, eta, besteak beste, Isaac Albenizen Asturias eta Francisco Tarregaren Recuerdos de la Alhambra entzun ahal izango dira.
Sainz de Villegas Andres Segovia gitarristaren ondorengotzat hartzen dute askok. Errioxarra da, nahiz eta New Yorken bizi den. 1983az geroztik, New Yorkeko Carnegie Hallen emanaldia eskaini duen lehen gitarrista bakarlaria da Sainz de Villegas, eta 2001etik Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin aritu den gitarrista bakarra da. Ibilbide oparoa du musikaren munduan; horren erakusle da 40 herrialde baino gehiagotan emanaldiak eskaini izana.
Autobus zerbitzua
Udaberriko Musikaldiaren barruan orain arte egin diren emanaldietan bezala, Santa Kutzera joan-etorria egiteko autobus zerbitzua eskainiko du udalak; autobusa 18:00etan aterako da Julio Urkixo kaleko geralekutik.