Andoni Lazkanok ez du jarraituko Azkoitia-Azpeitia ISB taldea gidatzen

Julene Frantzesena 2022ko mai. 25a, 08:31

Andoni Lazkano entrenatzailea.

Bi denboraldi jarraian egin ditu ISBko emakumeen lehen taldea gidatzen. Entrenatzaile azpeitiarrak azaldu duenez, "abiadura pixka bat jaisteko ordua" iritsi zaio, "buruari kasu egitekoa". Esker hitzak izan ditu saskibaloi taldearentzat.

Andoni Lazkanok ez du jarraituko ISBko emakumeen lehen taldea zuzentzen datorren denboraldian. Hala jakinarazi du azpeitiarrak Twitterren: "Iritsi da abiadura pixka bat jaisteko ordua, eta bihotzaren ordez, buruari kasu egitekoa. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, ISB. Ahaztezina izan da!".

Lazkanok, beraz, utzi egingo du entrenatzaile kargua, Azkoitia-Azpeitia ISB taldea zuzentzen bi denboraldi jarraian eginda. Espainiako Saskibaloi Federazioak Challenge izeneko liga bat sortu zuen iaz, eta bukatu berri den denboraldia maila horretan egin du taldeak. Datorrena ere hala egingo du, mailari eustea lortu baitzuen.

ISBn egin berri duen etaparen aurretik, 2009-2010 denboraldian, mutilen lehen taldeko bigarren entrenatzaile lanetan aritu zen Lazkano. Bestalde, mutilen lehen taldeko kirol ordezkaria ere izan zen hainbat urtez. Gero, entrenatzaile lanetan aritu zen Gipuzkoako beste hainbat klubetan, hala nola Añorgan, Bera Beran eta Zarautzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide