Hitz bitan

Lourdes Olaizola: "Libre ditudan ordu guztiak igarotzen ditut bolilloa egiten"

Ane Olaizola 2022ko eka. 19a, 09:30

Lourdes Olaizola, bolilloarekin. (Ane Olaizola)

Bolillo edo ehoziri zale amorratua da Lourdes Olaizola (Azpeitia, 1958) Azkoitiko bizilaguna. Duela 20 urte murgildu zen eskulan horretan, eta "kontaezinak" dira egin dituen lanak. Herriko bolillo egileak astero elkartzen dira zaletasuna praktikatzeko; horietako bat da Olaizola.

Noiz hasi zinen bolilloak egiten?

Betidanik gustatu izan zaizkit bolilloak. Eskulanek, oro har, asko erakartzen naute, baina bereziki bolilloak piztu izan dit arreta. Behinola, San Andres egunez, talde bat parrokiaren aurrean ikusi nuen bolilloak egiten, eta zera pentsatu nuen: 'Nire seme-alabak ikastolara hasten direnean, neu ere bolillo lanak egiten ikasten hasiko naiz'. Halaxe hasi nintzen, duela 20 bat urte, eta egia esan, katigatu egin ninduen.

Nola ikasi zenuen? San Andres egunean ikusi nuen talde hartara batuta. Ostegunero biltzen gara, eta Pasai Donibaneko irakasle baten gidaritzapean jarduten dugu. Urte batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago elkartu izan gara, baina egun, hamar lagun inguru gara taldean.

Zertan datza bolilloak egitea?

Bolilloak egiteko makina bat erabiltzen dugu, eta aldi berean, egin nahi dugun lanaren eredu bat izaten dugu. Eredu horrek eskatzen dituen hariak jartzen ditugu makinan, eta puntaden bidez, hariei jarraitu eta marrazkia osatzen dugu.

Zer-nolako zailtasuna du?

Tira, logika eduki behar da, baina taldera batu den orok ikasi du, gehiago edo gutxiago, ehoziriak egiten. Batzuek azkarrago ikasten dute, eta besteek erritmo lasaiagoan, baina ez du aparteko zailtasunik.

Bolillo lanetarako, beharrezkoa al da aurretik josten edo makramea egiten jakitea?

Ez, ez dute zerikusirik. Logika izatea da garrantzitsua; jarraitu beharreko ereduak berak erakusten du bolilloa egiten. Noski, bolilloan egin duzun puntada beste zerbaitera lotu behar duzu, mantel edo izara batera esaterako, eta josten baldin badakizu, errazagoa izango zaizu hori egitea.

Logika erabiltzea ezinbestekoa dela diozu, baina pazientzia ere beharko da, ezta?

Bai, handia, gainera. Pazientzia lantzeko jardun ona da bolilloena, eta horrez gain, erlaxatzen ere laguntzen du; niri bai, behintzat. Denbora pasatzeko ere aukera ona da.

Zer eragiten dizu zaletasun horrek?

Asko gustatzen zait; lasaitasun handia transmititzen dit. Taldean hasi orduko katigatu egin nintzen, eta ordutik, milaka lan egingo nituen. Egindako lanak gortinetan-eta lotzeak lan gehiago eskatzen du, eta beraz, askotan gorde egiten ditut. Azken urtebetean egindako lanekin kaxa oso bat dut beteta. Orain, pazientzia hartu eta horiek lotzen hasiko naiz.

Non lotzen dituzu?

Batez ere gortinetan. Izan ere, landetxe bat dugu, eta gortinei itxura aldatzeko aproposa izaten da. Gortinetan ez ezik, izaretan ere lotzen dut, eta erloju bat ere egin nuen behin. Gabonetan Jesus haurrari inguruan jartzeko lanean ari naiz orain.

Zenbat denbora igaro dezakezu bolilloak egiten?

Libre ditudan ordu guztiak igarotzen ditut horretan. Ostegunetan egiten dugun saioaz gain, etxean ere aritzen naiz, egunero ordu erdiz edo ordubetez. Ez badut egiten, zerbait falta dudan sentipena izaten dut.

Ba al duzu lan kutunik?

Batzuek lan gehiago eman didate, besteak ikusgarriagoak dira... baina guztiak dira ederrak; ez dut bat kutunik.

Ostegunetan elkartzen zarete bolillo lanak egiteko. Zer egiten duzue zehazki?

Ahal bada, kafe bat hartzen dugu, eta bolilloa egiten dugun bitartean, tertulian ere aritzen gara. Elkarrekin egoteko txokoa da.

Sanandresetan, berriz, erakustaldia egiten duzue.

Ehun bat bolillo egile elkartzen gara, inguruko herrietakoak ez ezik, Irundik, Leitzatik eta Bilbotik ere etortzen dira. Jendeak gure lana ikusteko aukera izaten du, eta polita izaten da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide