Apustu egingo nuke

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2022ko eka. 29a, 16:27

Anartz Izagirrek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Apustu egingo nuke'.

Lanetik etxerako ibilbide bera egiten dut egunero. Bizi naizen inguruan kotxea aparkatu, espaloia gurutzatu eta etxera. Behin eta berriro, arratsaldero. Ez daramat denbora asko orain bizi naizen auzoan, baina esango nuke ondo integratu naizela bertan. Ohikoak zaizkit dagoeneko auzotarren diosalak, ile-apaintzaileak irribarre egiten dit leihoaren bestaldetik nire islada ozta-ozta ikusten duen arren, eta tabernariak honezkero jakingo du eskatzen dudan ebakiarekin batera oparitzen didan gailetatxoa ez dudala sekula ere jaten.

Gustatu zait betidanik nire auzoa izandakoa utzi eta beste batera lekualdatzea. Nahigabe, orain dela pare bat urtera arte nituen ohiturak aldatu egin zaizkit, eta herriz aldatu ez naizen arren, jende desberdina ikusten dut inguruan, tartean, ordura arte existitzen zirela ere uste ez nuen asko. Atsegin dut aniztasuna, eskolak inguruan izanik haurrak, beren gurasoak eta aiton-amonak inguruan izatea, ostiral iluntzeetan durum batekin gustura-gustura parkera doazen nerabeekin gurutzatzea, baina ez zait batere gustatzen muturren aurrean ditugun makina txanponjaleen argiek eta koloreek zenbat herritar erakartzen duten ikustea.

 

Erabakitze askatasuna luxua bilakatzen da pozoia eskura jartzen dizutenean

 

Ez naiz inor apustu etxeen erabiltzaileen profila psikoanalizatzeko, baina iruditzen zait askotan (ez beti) baliabide eta babes gutxien dituzten herritarrak erakartzen dituztela gehien apustu etxeek. Nire buruari behin eta berriro egiten diodan galdera da ea pertsona horiek hor egongo al liratekeen lan baldintza duinak, bizimodu hobe bat izateko aukera eta beren arazoei aurre egiteko laguntza izango balituzte. Era berean, nire buruari galdetzen diot lanik, familiaren eta lagunen babesik izango ez banu ez ote nintzen neu ere apustu etxeetako bezero potentzial bilakatuko.

Askotan entzun izan diot jendeari bakoitzaren erabakia dela halako makinetan ibiltzea ala ez. Baina, besteak beste, adingabeko pertsona bat kirol apustuak egiteko makina batean aurrez aurre ikusten duzunean argi gelditzen zaizu aukera hori ez dela askea, eta, gainera, ez lukeela hala izan behar. Tabernari ohi moduan bizpahiru aldiz egokitu zait ordu txikitan makina txanpojaleetan orduak zeramatzan norbait bere gogoz kontra etxera bidali beharra, eta sinets iezadazue, horrek ez du askatasunetik ezer.

Pandemiak eta gerrak modan dauden garaiotan ez genuke ahaztu behar guda batean egon daitezkeela bonba nuklearren pareko arma mingarriak eta doilorrak, kanpotik baino barrutik akabatzen gaituztenak, eta erabakitze askatasuna luxua bilakatzen da pozoia eskura jartzen dizutenean. Apustu egingo nuke joko aretorik ez balitz askeagoak ginatekeela, auzoak biziagoak liratekeela eta leihotik kanpora begiratzeak ez gintuzkeela horrenbeste tristetuko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide